Zirkulazio mozketak egingo dituzte bost gauez, Astiñeneko zubiko lanengatik
Igandetik aurrera, bost gauez zirkulazioa itxiko dute Egia kaleko zati batean, kale horretako errepidea Astiñeneko zubi berriarekin lotzeko. Izan ere, lanak bukatzen ari dira, eta Eneko Goia alkateak aste honetan adierazi du urtea bukatu baino lehen irekiko dutela zubia: “Ez dakit arrisku hau hartu nahi dudan, baina zinegotzi delegatuak [Duñike Agirrezabalagak] atzo bertan agindu zidan urte bukaerarako erabilgarri egongo dela”. Behin zubi berria irekita, zubi zaharra eraisten hasiko dira.
Zehazki, igande gaueko azken autobusa Egia kaletik pasatzen denean egingo dute lehenengo zirkulazio mozketa, eta astelehen goizeko lehenengo autobusa pasatzera doanean irekiko dute berriz ere kalea: 21:45etik 07:15era. Hurrengo lau gauetan errepikatuko dute hori: bi gau zubiaren alde bakoitzeko eta bosgarren gaua bideetako seinale horizontalak margotzeko. Horrela, egun horietan Egiaren eta Loiolaren artean ibilgailu pribatuarekin zirkulatu behar dutenei Loiolako Erriberatik joateko gomendatu die udalak.
Gau horietan, galtzada fresatu egingo dute, zubiarekin lotuko dute eta asfaltatu egingo dute. Hala ere, egun horietan euria egingo balu, baliteke mozketak gau gehiagotan egin behar izatea, asfaltoak ondo heltzeko beharrezkoa baita euririk ez egitea.
Gogoratu behar da Astiñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan. 2019an hasi ziren lanekin, eta ordutik atzerapen ugari izan dituzte, pandemia tarteko, eta zubi berria bukatzeko epeak etengabe luzatu ditu udalak.