"Esaten zuten Amable Gaur taldeko pobreena eta gorriena zela, eta egia da"
Maru Rizo (Egia, 1944) Gaur taldeko Amable Arias artistaren (Bembibre, Leon, Espainia, 1927 – Donostia, 1984) bikotekidea izan zen Ariasen bizitzako azken hamalau urteetan. Bere musa, inspirazioa eta mezenas ere izan zen. Ordea, gizon ezagun baten bikotekide ohia baino askoz gehiago da Rizo: militante feminista, arte dibulgatzailea, Egia auzoan oso inplikatuta egondakoa eta saltsa askotan sartutako emakumea.
Arias hil zenetik, haren obraren dibulgazio lan handia egiten ari da Rizo, eta, berriki, Teatro Principal seriea dohaintzan eman dio San Telmo museoari; 2023an egingo dute erakusketa. Rizok Egiako Tejeria kalean duen estudioan dauka Ariasen obra, arte galeria bat balitz bezala, eta dohaintzaren harira, estudioko atea ireki dio IRUTXULOKO HITZAri. Ariasen ibilbideari buruz, Gaur taldeari buruz, Rizoren eta Ariasen arteko harremanari buruz eta Rizoren beraren ibilbideari buruz hitz egin dugu berarekin, eta elkarrizketa osoa ostiralean irakurri ahalko da, webgune honetan eta astekarian.
Ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat, Ariasek Gaur taldean egindako ibilbideari buruzkoa eta Rizoren militantzia feministari buruzkoa:
Amable Arias Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen.
Gaur taldearen aurretik, Los Diez taldean egon ziren, Gaur taldearen aitzindaria izan zena. Gaur taldearen sorrerari dagokionez, Amable eta [Jose Antonio] Sistiaga oso lagunak ziren, eta askotan egiten zuten moduan, egun batean elkartu egin ziren, eta taldea sortzeko ideia izan zuten. Sistiagak dioenez, berak izan zuen Erakarpen eta Turismo Zentroak garai hartan antolatu zuen Gabonetako sariketako erakusketaren aurkako zerbait sortzeko ideia, eta Amableri proposatu zion. Izan ere, gogoratu behar da Gaur taldea erakusketa horren aurka sortutako zerbait izan zela, erakusketa horretan ez zegoelako inolako berritasunik. Amableren eta Sistiagaren arteko elkarrizketa horretatik jaio zen Gaur, baina artean beste bide batzuk jorratu nahi zituzten artistekin elkartu behar zirela erabaki zuten. [Jorge] Oteizak zioenez, berak antzeko ideiak izan zituen aurretik, baina ez zen taldea sortzera iritsi. Oteiza sartu zenean, ideia anbiziotsuago bat izan zuen, taldea euskal artearen eskola bat bihurtu nahi baitzuen, bakoitzak bere estiloa mantenduz. Azkenean, ezin izan zuen hori egin, baina bueno, Gaur taldeak bere bidea egin zuen.
Amableri pena eman zion ondoren taldea desegin izana, bide luzeagoa egin zezakeela iruditzen zitzaiolako. Taldea hautsi izanaren arrazoien inguruko interpretazioak askotarikoak dira: Amablek gauza bat zioen, Sistiagak beste bat, eta abar. Gauza guztien nahasketa bat izango zen, ez dakit.
Gaur taldearen argazki historikoan, ordea, ez dago Amable Arias. Zergatik?
Argazki hori sorrerako argazkia zela esan zuten, baina gezurra da. Izan ere, hainbat artista Oteizaren etxean (uste dut) elkartu zireneko argazki bat da hori, baina ez zen Gaur taldearen bilera bat izan, taldeko batzuk falta baitziren eta taldekoak ez ziren beste batzuk baitzeuden. Ondoren argazki horrek hartu zuen garrantzia ez zitzaion asko gustatu Amableri, oso zorrotza baitzen gezurrekin. Horregatik, gero Amablek collage bat egin zuen. Collage horretan ni agertzen naiz inauterietako Sardinaren Ehorzketan, beltzez jantzita; Gaur taldearen sorrerako argazki bihurtu zuen irudi hori Amablek [barrez]. Bestalde, nik Gaur taldeari buruzko dokumentazio asko eta asko daukat, eta baita hainbat taldekidek beste taldekideei egindako erretratu batzuk ere: Amablek [Jose Luis] Zumetari eta [Rafael] Ruiz Balerdiri egindakoak, Sistiagak Amableri egindakoa eta Ruiz Balerdik Amableren amonari egindakoa, besteak beste. Erretratu horiek guztiak eta dokumentazio guztia erosteko proposatu nion aldundiari, oso prezio onargarri batean. Ordea, ez zidaten erantzun ere egin.
Zuk harremana izan duzu Gaur taldeko beste kideekin?
Bai. Sistiaga, adibidez, nire lagun mina da, oso jatorra da. Duela gutxi hemen egon zen, eta askotan hitz egiten dut berarekin. Sistiaga eta Amable hezur eta mami izan ziren, nahiz eta oso desberdinak izan. Hain zuzen ere, Sistiagari badirudi politikarekin lotutako edozerk azkura ematen diola. Aldiz, Amable kontrakoa zen; marxista handi bat zen. Esaten zuten taldeko pobreena eta gorriena zela, eta egia da. Sistiagari ez zaio gustatzen politikaz hitz egitea, baina arte sutsuki defendatzen du. Aurrekoan, irakurri nituen Amablek Sistiagari buruz idatzitako hitz batzuk, eta Sistiagak berari esandako esaldi bat errepikatzen zuen: ‘Gizona garaituko zenuten, baina ez duzue artista garaitu’. Arazoak sortu zizkion norbaiti erreferentzia eginez esan zuen esaldi hori Sistiagak.
Oteizarekin ere pasarte polit bat izan nuen. Amablek erakusketa bat jarri zuen Kale Nagusiko Ikuska galerian, 1971. urtean-edo. Inauguraziora hainbat artista joan ziren, besteak beste, Oteiza. Erakusketako marrazki askotan agertzen zen pertsona ni nintzen, eta inaugurazioan koadro horietako bat begiratzen ari nintzela, Oteiza etorri zen eta barrez esan zidan, ‘hau da politena’.
Artearen munduan murgiltzeaz gain, feminismoan ere oso murgilduta egon zara, ezta?
Hiru ahizpa gara, eta oso izaera desberdinekoak bagara ere, hirurak oso feministak gara, betidanik. Gainera, gure feminismoaren arabera jokatu dugu beti. Esaterako, Dandai emakumeen elkartearen sorreran ibili nintzen, eta presidentea izan nintzen. Zer emakume jatorrak zeuden elkarte horretan!
Bitxikeria gisa, nirea izan zen elkarteari Dandai izena jartzeko ideia. Nik ez dakit euskaraz, baina euskaraz ondo zekiten kide askok ez zekiten zer esan nahi zuen hitz horrek. Haur txikiek ibiltzeko duten modua da; zutik mantentzeko gai direnean, baina ia ibili ezin direnean. Hiztegietan begiratuta atera nuen izen hori, eta elkartearen izena erabakitzeko egin genuen bileran gainontzekoek onartu zuten.
Dandai elkartean nenbilela, gogoratzen dut behin bilera bat egin genuela udaletxean edo foru jauregian. Gizonak eta emakumeak geunden han, eta gizonen batek bat esan zuen feminismoa txarra zela, edo horrelako zerbait. Beti dago matxistaren bat, eta askotan, esaten duzu, ‘baina honek badaki zer esaten ari den?’. Horrela, esan nion, ‘badakizu zer den feminismoa? Oso erraza da, agian ados egongo zara eta guzti. Feminismoa da aitortzea gizona eta emakumea ez daudela egoera berean gizartean, eta zerbait egitea egoera aldatzeko’. Juana Aranguren zegoen han, eta atera ginenean, esan zidan asko gustatu zitzaiola esan nuena. Izan ere, hori da oinarrizkoa, egoeraz jabetzea eta aldatzen saiatzea.