LAB ez dago konforme Cementos Rezolako lan hitzarmenarekin
Añorgako Cementos Rezolako lan hitzarmena sinatu dute ELA eta CCOO sindikatuek. Aldiz, LABek ez du akordioa babestu, eta, gainera, kritikatu egin du: “Borroka eza, eros ahalmenaren galera, enplegu suntsiketa eta lan baldintzak okertzea izan dira hiru urteko negoziaketaren laburpena”.
Azken urteotan lanpostuen defentsa egin du LABek, eta borroka horretan “bakarrik” aritu behar izan dela salatu dute, nahiz eta langileen “babes zabala” izan. “Protestengatik jazarpen gogor bat jaso dugunean, sindikatuen aldetik ez dugu inolako elkartasunik jaso”.
Lan hitzarmenaren negoziazioa “lotsagarria” izan dela adierazi dute, eta adosturikoa “are lotsagarriagoa”. “Hilabete eta erdirako eta sinaduratik sei egunetara salatuta geldituko den hitzarmen bat adostu da. Gainera, eta beste kontu batzuen artean, eros ahalmena mantentzetik oso urrun dago, LABek borrokatutako enplegu bermea Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat ezartzera zuzenean lotuta dago eta laneko ordutegitik kanpo lanera joanen diren langileen konpentsazioa nabarmen okertu da”, azaldu dute.
CCOOren eta ELAren jarrera “penagarria” izan dela dio LABek. “Etsipenean oinarritutako sindikalismoaren aurrean guk borrokatzen jarraituko dugu. Zorionez edo zoritxarrez, hitzarmen honen iraunaldi murritzari esker urtarrilean hitzarmen berria negoziatzen hasiko gara eta LABek garbi adierazten du borrokatzeko prest jarraituko duela, bakardadea eta jazarpenaren gainetik”.