Bi korrikalarik bihotzekoak izan dituzte, eta 125 artatuak izan dira
Behobia-Donostiako bi korrikalarik bihotzekoak izan dituzte lasterketan, eta 125 parte hartzaile artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek, bero kolpeak jota. Hala azaldu dio EITB-ri lasterketaren koordinatzaile Iñigo Etxeberriak. Hala ere, denak onik daude.
30.000 bat lagunek hartu dute parte 57. Behobia-Donostian, (%28,81 emakumeak), eta antolatzaileek aurretik abisua emana zuten, tenperatura altuengatik. Izan ere, eguerdi aldera, 20 gradutik gora izan dira Donostian, eta baita eguzkia ere. Horregatik, bereziki arretaz ibiltzeko eskatu zieten antolatzaileek 20 eta 40 urte arteko korrikalariei, horiek direlako euren buruei gehien exijitzen dietenak.