Katalanak garaile Behobia-Donostian
Cristina Silva izan da garaile nesketan, eta Nan Oliveiras mutiletan. Bestalde, patinatzaileen eta esku bizikleten kategorietako garaileek errekorrak hautsi dituzte.
57. Behobia-Donostia lasterketak Donostiako kaleak hartu ditu berriz ere, 30.000 parte hartzaileek (%28,81 emakumeak) giro ederrean zeharkatu baitute hiria. Lasterketa herrikoia bada ere, maila handiko korrikalariak egon dira aurten ere, eta ordubete pasatxo baino ez dute behar izan Behobiatik Bulebarrera dauden hogei kilometroak egiteko.
Bi katalan izan dira garaile mutiletan eta nesketan: Nan Oliveiras mutiletan (1:01.29) eta Cristina Silva nesketan (1:11.32). Jesus Olmosek (1:01.51) eta Artur Bossyk (1:02.01) osatu dute podiuma mutiletan, eta Mireia Guarnerrek (1:13.16) eta Elena Silvestrek (1:14.02) nesketan. Hain zuzen ere, Silvestre izan da lehenengo gipuzkoarra nesketan; mutiletan, aldiz, Chakib Lachgar izan da lehenengo gipuzkoarra.
Patinak eta esku bizikleta
Patinatzaileen kategorian, 154k hartu dute parte (112 gizon eta 42 emakume). Gizonetan, Alberto Aleman izan da garaile, 35.12 minutuko denbora eginda. Gainera, gaur bigarren gelditu den Aitor Vacasek zuen errekorra (36.27) hautsi du. Nicolas Alonso izan da hirugarren sailkatua. Emakumeetan, irabazlea Idoia Martinez de la Fuente izan da, 40.06 minutuko denborarekin. Martinez de la Fuente podiumera igo zen, baita ere, 2017an, 2018an eta 2020an. Gaurkoan, Nere Karrerak eta Amale Mugicak osatu dute podiuma.
Esku bizikletako kirolariei dagokienez, Luis Miguel Marquina izan da helmuga gurutzatzen lehena, eta berak ere errekorra hautsi du, 33.37 minutuko denbora eginda. Gizonetan, Ivan Manuel Monterok eta Ion Galarragak osatu dute podiuma. Nesketan, aldiz, Maria Matilla izan da lehenengoa, eta Maria Jose Pose bigarrena.