Alderdi Ederreko noria hilaren 18an jarriko dute martxan
Txartelen prezioa 5 eurokoa izango da asteartetik igandera, eta astelehenetan 2,5 eurokoa.
Donostiako Udalak abenduaren 2an piztuko ditu Gabonetako argiak. Aldiz, aste batzuk lehenago jarriko dute abian Alderdi Ederreko noria. Gabonetako eskaintzaren ikurretako bat bihurtu du udalak, eta aurten ere lekua egin diote Kontxako hondartzaren parean. Ostiraletik, hilaren 18tik, datorren urteko urtarrilaren 31ra bitarte igo ahalko da noriara.
32 metroko altuera izango du noriak, eta erabiltzaileentzako 24 kabina. Bakoitzean sei pertsona sartu ahal izango dira, gehienez. Eta, guztira, 144 pertsonak erabili ahal izango dute aldi berean. Txartelen prezioa 5 eurokoa izango da asteartetik igandera, eta astelehenetan 2,5 eurokoa. Noriak elbarrientzako sarbide bat izango du, eta egokituriko kabina bat izango dute.
Pasa den urtean, aurreikusitakoa baino hiru aste lehenago kendu zuten Alderdi Ederreko noria. Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren harira ezarritako ordutegi arauak urratu zituen, eta udalak barkamena eskatu zuen. Bi urte lehenago, 2019an, noriako arduradunek legez kanpo jokatu zuten, atrakzioa desmuntatzeko lanetan hainbat langilek ez zutelako lanerako baimenik.