Elkarrekin Donostiak eskatu du dolu perinatala, haurdunaldikoa eta jaioberriena pasatzeko espazio bat sortzeko
Elkarrekin Donostiak udal gobernuari eskatu dio gune egoki bat sortzeko, behar duten pertsonek dolu perinatala, haurdunaldikoa eta jaioberriena pasatu ahal izan dezaten, beste udalerri batzuek egin duten moduan. “Haurdunaldiaren amaiera mingotsa bizi duten eta haurdunaldiko galeratzat hartzen dena jasaten duten pertsonek edo bikoteek dolu beharrezkoa eta saihestezina bizi ahal izango dute, nahiz eta gertaera oso traumatikoak izan”, azaldu du udal taldeko bozeramaile Aitzole Aranetak. Era berean, gaineratu du haurdunaldiko dolua “tabua” dela oraindik, “ikusezina” izateko joera duelako prozesu horrek, eta “ez dator bat errealitate sozialarekin”.
Hainbat udalerrik aipatu espazioak dituzte, besteak beste, Bilbok. Horregatik, Donostian ere “galera horiek ikusarazteko memoria espazio bat” sortzeko eskatu du koalizioak. “Normalean, gurasoei ez zaie lekurik uzten dolua aitortzeko eta prozesu hori kontzienteki bizitzeko. Aldiz, gure inguruko hainbat udalerrik, hala nola Bilbok, gizarte eragileekin batera egindako lanaren ondorioz, dagoeneko badute horretarako espazio egoki bat”, azaldu du bozeramaileak.
Haizearen mapa
Horrez gain, Elkarrekin Donostiak beste proposamen bat egin du asteleheneko udal batzordeetan, Bixen Sacristan zinegotziaren bidez: Haizearen Mapa sortzeko. Udal taldearen ustez, “udalak berak larrialdi klimatikoari buruz egindako adierazpena ikusita, eta hainbat hiritan energia eolikoaren aldeko apustua egin denez, beharrezkoa da mapa zehatz bat egitea energia hori hartzeko eredu desberdinak ezartzeko aukera ezagutzeko”.