"Pozoi hau detektatzeko dugun helduleku bakarra estali nahi dute"
Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, hainbat herritarrek Arkaitzerrekara bisita egin zuten larunbatean, erraustegiak errekastoan sortzen duen kutsadura bertatik bertara ezagutzeko. Bestalde, Gurasos elkarteak manifestaziora deitu du hilaren 27rako Donostian, 12:00etan, Kursaaletik abiatuta.
Gorritsua, zikina, kutsatua zegoen, zikinkeriari eutsi ezin zion “hesiak” inguratua. Kiratsa zerion. Hala aurkitu zuten Arkaitzerreka, Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat goizean antolaturiko bisita gidatuan parte hartu zutenek. Errekaren egoera zertan den ikusi, usaindu eta ezkutatu nahian dabiltzana partekatu zuten egitasmoaren antolatzaileek egunotan plazaraturiko deialdira etorritakoekin.
Lurrazpiko kutsadura tututik guztion begi bistara kanporatzen den eremuan bildu ziren bisitariak, argibideak jasotzeko. “Ez da tutu itxi bat, zuloduna”, Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan. Bertatik dator, erraustegiko kutsadura. Eta, orain ezkutatu egin nahi dutela salatu zuten. “Hori da azkeneko saiakera, pozoi hau detektatzeko dugun helduleku bakarra estaltzea”. Gogoan izan, berriki Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ura Agentziari ponpaketa sistema bat eraikitzeko baimena eskatu zion. Une honetan, eskaera jendaurreko alegazio epean da. Asmoa, sistema honen bidez, kutsaturiko ura Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratzea litzateke.
Ur kutsatuak, beraz, Donostia parean itsasoratu nahi dituzte. “2021ean, betelaneko lurra eta betelan horretara filtratzen den ura aztertu zuten. Bi lekutan azaltzen dira uretan metal astunak, dioxinak eta furanoak. Badakite 2021etik filtratzen diren urak kutsatuak daudela”.
Kronika hau Noaua aldizkariak egin zuen larunbatean, eta hedabide horren webgunean irakur dezakezue osorik.