Urrezko Danborrerako 100 proposamen baino gehiago jaso dituzte
Bukatu da 2023ko Urrezko Danborrerako proposamenak aurkezteko epea, eta Donostiako Udalak jakinarazi duenez, ehundik gora proposamen jaso dituzte. 399 lagunek aurkeztu dituzte proposamenak: 393 pertsona fisikok, irabazi asmorik gabeko hiru elkartek eta hiru enpresak. Iaz, 284 lagunek hartu zuten parte prozesuan, beraz, aurten 115 parte hartzaile gehiago izan ditu Urrezko Danborrerako hautagaiak aurkezteko prozesuak.
Orain, Donostiako Udaleko Idazkaritza eta Herritarren Partaidetza Zerbitzuak proposaturiko hautagaiak baldintzak betetzen ote dituzten aztertzen ari dira –izaera juridikoa ote duten eta adierazitako merituak bat datozen sariaren xedearekin–. Behin proposamen guztiak aztertuta, behin betiko hautagaitzen zerrenda aurkeztuko du udalak.
Aurtengo Urrezko Danborra Parisen jaso zuen Esther Ferrer artista donostiarrak.