180 ekitaldi inguru antolatu dituzte Donostian Euskaraldirako
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 3ra egingo da, eta Donostian programazio zabala prestatu dute. Hamabost auzotan 180 ekitaldi inguru antolatu dituzte hiriko hainbat eragilek, eta ez dira faltako kultur ekitaldiak eta euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak, besteak beste.
Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak eta Jone Lizaso Bagera euskara elkarteko ordezkariak aurkeztu dute gaur Donostiako Euskaraldia. Azaldu dutenez, Euskaraldiaren bezperan, azaroaren 17an, herritarrak bildu eta Euskaraldiari hasiera elkarrekin emateko aukera izango da Bulebarrean, 18:00etatik 21:00etara. 18:00etan musika eta dantza saioa egingo dute udalaren Musika eta Dantza Eskolak antolatuta. 19:00etan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristen saioa izango da, eta, jarraian, Euskaraldiaren mezua irakurriko dute Tanya de la Cruzek, Iñaki Salvadorrek eta Sua Enparantzak. Ondoren, txapa janzte bateratua egingo dute, eta, eguna amaitzeko, Mugan taldeak kontzertua eskainiko du 19:40ean.
Hori baino lehen, goizeko 10:00etatik 13:00etara, hiru mintzodromo antolatu dituzte Donostiako euskaltegietako ikasleentzat. Era berean, karpa bat jarriko dute Bulebarrean, eta Euskaraldian izena emateko aukera egongo da.
180 jarduera auzoetan
Honakoak dira Euskaraldia jarduerekin ospatuko duten auzoak: Aiete, Altza, Amara, Amara Berri, Antigua, Añorga, Egia, Gros, Ibaeta,Igeldo, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erribera, Morlans eta Parte Zaharra.
Ahobiziak eta belarriprestak biltzeko jarduera asko antolatu dira, euskararen erabileran lagungarri izan daitezen. Horrez gain, 16 urte azpikoek Euskaraldian parte hartu ezin duten arren, horientzat ere badira ekitaldi erakargarriak. Besteak beste, honakoak batzen ditu egitarauak: kultur jarduerak (antzerkiak, liburu irakurketak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, eta beste), erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzodromoak, euskarari buruzko solasaldiak), haurrentzako jarduerak edota familian egitekoak (pailazoak, bisita gidatuak eta abar).
180 jarduera horietatik Lizasok gutxi batzuk nabarmendu ditu. “Auzoko erabilerari buruzko solasaldiak Aieten, Intxaurrondon eta Loiolako Erriberan; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Intxaurrondon eta Txirri Mirri eta Txiribiton Egian; Felix Zubiarekin solasaldia eta Jon Maiarekin hitzaldia Amara Berrin; Euskaraldiskoa Morlansen; Mintzodromoa Altzan; Kantujirak Igeldon, Loiolako Erriberan eta Parte Zaharrean; eta bertso saioak Amara Berrin, Loiolan, Grosen, Aieten eta Parte Zaharrean”.