Askotariko erreakzioak sortu ditu Loiolako kuartelen akordioak
Eneko Goia alkateak astearte goizean jakinarazi du Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen inguruko akordioa itxi dutela, eta kuartelen eremua (17,5 hektareakoa) eta Uliako beste sei hektarea udalaren eskuetara pasatuko direla, 73,3 milioi euroren truk. Urteko albiste garrantzitsuenetako bat da, udalak urteak zeramatzalako kuartelen eremua bere eskuetara pasatzeko eskatzen. Horregatik, akordioak askotariko erreakzioak sortu ditu udal taldeen artean. Prentsaurrekoan bertan, Goiak goraipatu egin du bere alderdiak, EAJk, Espainiako Gobernuarekin 2020an egindako akordioa, eta alderdiak eskerrak eman dizkio Aitor Esteban diputatu jeltzaleari.
EH Bilduk ontzat jo du akordioa, udalaren aspaldiko akordioa delako. Era berean, “lursail horiek interes orokorraren mesedetan” erabili behar direla adierazi du, “etxebizitzak eta gizarte ekipamenduak eraikitzeko, besteak beste”. Etxebizitzei dagokienez, oposizioko alderdiak “babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa” adierazi du, eta nabarmendu du lursailaren planifikazioa egitean etxebizitza publikoaren aldeko apustua egingo duela, baita gainontzeko alderdiak gauza bera egitera deitu ere. Bestalde, EH Bilduren ustez, “Donostiako Udal Gobernuak eta Espainiako Gobernuak militarrak nora joango direnaren inguruko argibideak eman behar dituzte”. Horregatik, Espainiako Kongresuan horren inguruko informazio eskaera erregistratuko du EH Bilduk datozen egunotan.
Marisol Garmendiak, PSE-EEren bozeramaile eta udaleko bigarren alkateordeak esan du “akordioa izugarri berri ona” dela “Donostiarentzat eta donostiarrontzat”, 1.500-1.700 etxebizitza eraikiko dituztelako. Era berean, nabarmendu du akordioa posible izan dela “gobernu sozialista batekin”. Eta, gaineratu duenez, “Pedro Sanchez presidenteak babestu egin du akordioa”.
Bestalde, Elkarrekin Donostiak adierazi du akordioa “ona” dela hiriarentzat, eta nabarmendu du “gakoa” izango dela etxebizitza berrien sustapena egiteko modua. Hain zuzen ere, Aitzole Araneta bozeramaileak eskatu du ahalik eta alokairuko etxebizitza babestu gehien eraikitzeko: “Duela gutxi Altzan ikusi dugun moduan, 400.000 euroko prezioan tasatutako etxebizitzak sustatzen badira, hiriko etxebizitzen prezioak ez dira jaitsiko. Beraz, Loiolan sustatzen den etxebizitza babestuak iraunkorra eta alokairukoa izan behar du, eta ez dena eragiketaren errentagarritasunean zentratuta egon behar”. Koalizioko kide bada ere, Ezker Anitzak bere balorazio propioa egin du, eta etxebizitza babestuetan jarri du fokua, baita ere. Zehazki, udal gobernuari eskatu diote gutxienez etxebizitzen %75 babestuak izateko, eta “gutxiago pentsa dezala lurren kostua errentagarri bihurtzean, eta gehiago donostiarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunetan”.
PPri dagokionez, ontzat jo du akordioa baita ere, eta Borja Corominas bozeramaileak nabarmendu du operazio hori “Donostiako etxebizitzaren arazoarentzako irtenbidea” izan daitekeela. Halaber, gehitu du akordioa ez dela militarrak hirian gelditzearekin bateraezina, eta militarrei eskerrak eman dizkie hirian egindakoarengatik: “Bereziki azken urteotan, Lurreko Armadak euskal herritar guztien eta, bereziki, donostiar guztien askatasunak defendatzen Donostian egindako lana eskertu nahi dut”. “Etorkizuneko Loiola auzoak armadak donostiarren alde egindako lana eta egindako sakrifizioa gogoratuko ditu”, gehitu du.