Donostiako taxien tarifak %10,5 igoko dituzte
Donostiako Udalak onartu egin du hiriko taxien 2023ko tarifak %10,5 igotzea. Inflazioa dela eta, hala agindu die Eusko Jaurlaritzak eskualde guztiei, eta inguruko eskualdeetan igoera eginda zegoen dagoeneko. Hirian zerbitzua eskaintzen duten taxi konpainiek tarifak are gehiago igotzeko eskatu zuten: %13,35.
Igoeraz gain, udalak azaldu du Zona Berezia sortuko dutela hirian, azkenaldian erabiltzaile eta taxilari ugarik salatu duten taxi gabeziari irtenbide bat emateko; Mugikortasun saila Zona Berezia sortzeko lanean dabil, taxi konpainiekin batera. Zona Berezi horrekin, Oarsoaldeko eta Buruntzaldeko taxiak Donostiara etorri ahalko dira zerbitzua ematera, beti ere, Mugikortasun sailak aurretik zehaztuko duen egutegia errespetatuta. Hau da, egutegi horrek zehaztuko du noiz etorri daitezkeen eta noiz ez.
Oarsoaldeko eta Buruntzaldeko taxiek dagoeneko igota dituzte tarifak, beraz, baldintza beretan jardungo dute hango eta hemengo taxiek. Horrela, garatzeke dagoen egutegian zehaztutako datetan, aipatu bi eskualdeetako taxiak hirira etorri ahalko dira, ilaran jarri, eta zerbitzua eman. Dena den, hori 2023tik aurrera izango da.
Aurrekariak
Donostiakoa ez da taxien Zona Berezi bakarra izango, Hondarribian dagoeneko funtzionamenduan baitago halako bat: “Lehen, Hondarribiako aireportuan, soilik Hondarribiako taxiek ematen zuten zerbitzua, baina han oso taxi gutxi daudenez, Hondarribiak eta Irunek Zona Berezia sortu zuten, bi herrietako taxiek zerbitzua emateko”, azaldu dute udaleko iturriek.