Loiolako kuartelen lursaila 73,3 milioi eurogatik erosiko du udalak
Espainiako Defentsa Ministerioarekin lorturiko akordioaren berri eman dute Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak.
Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi dute. Udalak 73,3 milioi euroren truke eskuratuko ditu lurrak, eta Ministerioak konpromisoa hartu du instalazioak lau urteko epean uzteko. Hau da, militarrek beste lau urtez jarraituko dute Loiolako kuarteletan.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, akordioa bera “urte amaierarako edo 2023ko hasierarako” sinatzea aurreikusten dute, eta udalak 5 milioi euro aurreratu beharko ditu sinatzerakoan –udal aurrekontuetan aurreikusita zeuden–. Gainontzeko diru gehiena jabetzako eskritura sinatzerakoan ordaindu beharko du udalak; Goiak esan duenez, aurreikusten dute akordioa sinatu eta sei hilabetera sinatuko dutela eskritura. Behin hori sinatuta, kuartelak udalaren eskuetara pasatuko dira, eta, hortik aurrera, militarrek lau urte izango dituzte kuarteletatik joateko; denbora hori beharko dutela aurreikusi baitu Defentsa Ministerioak. Udalak denbora hori baliatu du eremu berria diseinatzeko, Plan Orokorrean zehaztapena sartu behar baitute, besteak beste.
Eskritura sinatu ostean, oraindik hiru milioi inguru geldituko dira ordaintzeko, bi eremu operazioaren bukaerarako utzi baitituzte: Espartxoko zubiaren ondoan dagoen erresidentzia militarra eta Ubako igoeran dauden 80 bat etxebizitza, Defentsa Ministerioak alokairuan dituenak. Eremu horien salerosketa bukaerarako utzi dute, Goiak esan duenez, “han bizi diren pertsonen lekualdatzea kudeatu behar delako”. Beraz, horrela egingo ditu ordainketak udalak: bost milioi akordioa sinatzean (urte bukaeran edo 2023ko hasieran), 65 milioi inguru eskritura sinatzean (akordioa sinatu eta sei bat hilabetera) eta hiru milioi inguru operazioaren bukaeran.
Akordioaren arabera, udalak ondorengoa erosiko du: Loiolako kuartelen lursaila, ondoan dauden beste bi instalazio militar, eta Ulian Defentsako Ministerioarenak diren hainbat landa eremu, osotara 6 hektareako azalerarekin. Guztira, salerosketaren objektu den Loiolako eremuak 175.662 metro koadro inguru (17,5 hektarea) ditu, eta horri Uliako 6 hektareak gehitu behar zaizkio; hala ere, azalera guztia ezin da urbanizatu. Behin balorazio teknikoa eginda eta aurreikusten diren hirigintza aprobetxamenduak ikusita, salerosketa 73.323.373,38 euroan finkatu dute.
Goiak nabarmendu du “esfortzu handia” dela udalarentzat, eta epe luzerako zorpetu beharko dela: “2022ko aurrekontuaren likidazioa, otsailean izango duguna, positiboa izatea aurreikusten dugu, eta likidazio hori operazio honetan aplikatu ahal izatea. Hala ere, segur aski, epe luzerako zorpetze operazio bat egin beharko dugu. Udalak egiteko gaitasuna dauka, eta merezi du, horrelako zerbait egiteko unea baita. Gainera, denborarekin, udalak inbertsioa berreskuratuko du”.
Goiak adierazi duenez, udala dagoeneko eremu berria diseinatzeko lanetan ari da, eta Urumea ibaiak garrantzia handia izango du. Han egin daitekeen etxebizitza garapenean, gutxi gorabehera 1.500-1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo litzatekeela gaineratu du, baita ekipamendu publiko berriak ere. 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora. Era berean, auzoan Urumea ibaiaren integrazioa nola egin aztertzen ari da eremuari kalitatea bermatzeko.
Etxebizitzak eta ekipamenduak
Salerosketaren prezioa finkatzeko, balorazio teknikoa egin dute, eta, horretarako, etxebizitzak eraikitzeko garaian Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitzaren Legeak ezartzen dituen irizpideak erabili dituzte: etxebizitza berriak eraikitzean, %60 libreak eta %40 babes publikokoak (%20 tasatuak eta %20 sozialak) izan behar direla dio legeak. Hau da, hori aintzat hartuta, 85.200 metro koadro etxebizitza libreetarako erabiliko lituzkete, eta 56.800 babes publikokoetarako (28.400 tasatuentzako eta 28.400 sozialentzako). Ordea, Goiak zehaztu du ehuneko horiek balorazioa egiteko erabili dituztela, hori zehazten duelako legeak: “Horrek ez du esan nahi horrela egingo dugunik, udalak erabakiko baitu zenbat etxebizitza izango diren libreak eta zenbat babes publikokoak”.
Bestalde, gogoratu behar da EAEko Auzitegi Nagusiak, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegitea onartuta, uztailean ebatzi zuela kuarteletako Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes eraikinak babestu egin behar direla. Helegitea aurkeztu zuen udalak, eta Espainiako Auzitegi Gorenean bere bidea egiten ari da, baina epaia errespetatuko dutela zehaztu du Goiak, eta bi eraikin horiek ekipamenduetarako erabiliko dituztela azaldu du.
Bestalde, Loiolako kuartelen garapenean egin beharko dituzten beste esku hartze batzuk aipatu ditu alkateak: Urumearen gertutasunagatik, lurra 2,75 metro igo beharko dute etxebizitzak egiteko; ibai parke bat egin beharko dute, Txomiñenekoaren antzekoa; bi zubi berri eraiki beharko dituzte; Urdintzuko zubia (militarrek Alfontso XIII.a Espainiako erregearen izena jarri zioten) bota beharko dute, ibaiarentzako oztopoa baita dituen zutabeengatik; eta Lorategi Hiriaren parean oinezkoentzako pasabide bat eraiki beharko dute, Loiolako kuartelen auzune berria Loiolako topoaren geltokiarekin lotzeko.
Uliako lursailak
Berritasun gisa aurkeztu du Goiak Uliako sei hektarea horiek akordioan sartu izana, ez baita bereziki ezaguna Defentsa Ministerioak bere jabetzako lurrak dituela Ulian. Jon Txabarri Hirigintza saileko zuzendariak zehaztu duenez, bost partzelatan banatuta daude sei hektarea horiek. Askotarikoak dira partzelak: batzuk 1.000 metro koadro ingurukoak eta beste batzuk 32.000 metro koadro ingurukoak, besteak beste. Adibide gisa, Uliako gotorlekuaren eremua aipatu du, hori baita akordioari esker udalaren eskuetara pasatuko den eremuetako bat.
Txabarrik nabarmendu du “albiste ona” dela Uliako sei hektarea horiek udalaren eskuetara pasatzea, horri esker Uliako parke naturalaren barruan sartuko direlako. Ildo beretik jo du Goiak, eta adierazi du Uliako Plan Berezian aurrera egitea erraztuko duela lursail horiek udalarenak izateak.
“Akordio historikoa”
Alkateak nabarmendu du udalak eta Defentsa Ministerioak egindako akordioa “historiakoa” dela hiriarentzat, Loiolako kuartelen garapena “giltzarria” delako hiriarentzat. “Uste dut hau dela hiri baten historian ematen diren une garrantzitsu horietako bat”, esan du. Hain zuzen ere, hiriko harresien eraisketarekin eta udalak Urgull mendia eta San Telmo museoa eskuratu zituenekoarekin alderatu du akordioa.
Loiolako kuartelena da Urumeako ibarrean garatzeke gelditzen den azken eremua, eta Goiak azaldu du bertan garatuko dutena “hiriko puntu erabat neuralgikoa” izango dela Donostiaren etorkizunean, “garatzeke dagoen eremu onena” delako. Gainera, eremua Loiolarekin, Ametzagainarekin eta Intxaurrondorekin lotuko dute.
2020tik dator akordioa
Akordiora heltzeko prozesua “luzea” izan dela aitortu du Goiak. Hiriaren eskari historikoa da Loiolako kuartelen lursaila bere esku gelditzea, bertan etxebizitzak eraikitzeko. Udalak Espainiako Gobernu hainbatekin eztabaidatu du gaia urte luzez, eta beti militarren lekualdatzea izan da oztopo nagusia, –Eskusaitzetara eta Antondegira joatea proposatu zion udalak Defentsa Ministerioari, besteak beste, baina beti ezezkoa eman zuten–.
2020ko azaroan, EAJk Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu zuen, militarren lekualdatzea alde batera utzita, kuartelak udalaren esku gelditzeko, jeltzaleek Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truk. Transferentzia 2021ean egitekoak ziren, baina atzerapen nabarmenarekin itxi dute akordioa: “Luzapena eman genion geure buruari”. Gainera, tartean Voxen aipatu helegitea egon da.
Goiak nabarmendu du EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioko “lorpen handiena” dela militarren lekualdatzea alde batera utzi izana. Hain zuzen ere, akordioa egin zutenean, Defentsa Ministerioak iragarri zuen militarrak kuartelen pareko lursailera joango zirela: Loiolako hipikara, alegia, Defentsa Ministerioarena baita eremu hori ere. Urte hasieran, Defentsa Ministerioak ekainak 30a bitarteko epea eman zien Loiolako hipikako erabiltzaileei lur horiek uzteko. Hala ere, Goiak azaldu du ez dakiela zein den gaur egun lekualdatzearen egoera.
Loiolako kuartelen eremuan eraikiko duten auzune berria noizko egongo den bukatuta galdetuta, alkateak ez du data zehatzik eman nahi izan, “prozesu luzea eta ondo landu beharrekoa” izango delako: “Lan asko egin beharko dugu”. Hala ere, militarrak beste lau bat urtez han egongo direla aintzat hartuta, agerikoa da epe luzerako proiektua dela.