Nola harrapatu Mikel Laboa komiki batean
Unai Iturriagak, Harkaitz Canok eta Joseba Larratxek 'Ni ez naiz Mikel Laboa' argitalpena aurkeztu dute. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, askatasunez eta aldarte umoretsuarekin sortu dute musikari donostiarrari eskainitako lehen komiki liburua.
Mikel Laboa eta bere ingurua ageri da argitalpen honetan. Sei eskutara egin dutela azaldu dute. “Hiru buruk pentsatu, baina bi eskuk marraztu dute liburu hau. Joseba Larratxeren eskuak izan dira horiek. Bera izan da guk eskatzen genikion gauza ezinezkoak bere eskuekin gauzatu dituena”. Gaur Larratxek ezin izan du joan aurkezpenera joan azken orduko kontu batengatik, eta bi idazleek azaldu dituzte EHUren Mikel Laboa katedrak eta Gipuzkoako Aldundiak babestutako proiektuaren nondik norakoak.
Harkaitz Canok kontatu du Unai Iturriagarengandik jaso zuela gidoia elkarrekin idazteko gonbitea. “Opari bat izan da hasieratik, erantzukizun bat ere bai”. Iturriagak ere erantzukizun hori partekatu beharra ikusi zuela uste du. Leku oso sinboliko batean elkartu ziren, Gardatan, Lekeition, Laboaren Lekeitioen sorburu izan zen lekuan. Egun batzuk pasa zituzten bideorri bat marrazten: zer kontatu nahi zuten, zerk suposatzen zuen Laboak beraientzat, eta zer zen ezinbestekoa kontatzea. “Mapa bat trazatzen hasita, azkenean brujula apurtu genuenn. Konturatu ginen Laboa iheskorra dela, harrapaezina. Non dago Mikel Laboa izena du Josune Albisuk idatzi zuen liburuak, eta gureak Ni ez naiz Mikel Laboa. Hor ikusten da, batean zein bestean, ibili garela bere atzetik, baina harrapatu ezinik. Hainbeste Laboa daude…”. Eta horixe izan da erronka: Laboa horietatik zein harrapatu, nola harrapatu Mikel Laboa dute komiki baten bitartez.
Laboaren obra “irekia” dela uste du Canok, eta hori dela Laboaren edertasuna. “Horregatik inspiratu du horrenbeste jende, eta horregatik bertsionatu daitezke bere kantak punk bertsioan edo sinfonikoan, eta beti funtzionatzen dute, edo beti sortzen da zerbait berria”. Laboak irakatsi dizkien mila gauzen artean, ez daki zein nabarmendu, baina ez gutxiestekoak bi: askatasuna eta aldarte umoretsua. Biak ala biak asko eta asko preziatzen dizkio Canok. Ordea, adierazi du askatasuna eta umorea praktikatzen dituenak badakiela arriskurako eremuak ere badirela. Eta, beraz, Lekeition elkartu zirenean hori adostu zuten: “Askatasuna, aldarte jostari eta umoretsua, eta arriskuak hartzeko gogoa. Hori zela Laboa komikigarri bihurtzeko modua”.
Ez zuten hainbeste pasarte edo biografia ohiko bati lotzeko asmoa izan hasieratik, eta hala eta guztiz ere, “bere espiritu jolasti hori jarraiki” biografia agertzen joan zaiela aitortu du Canok. “Askotan alderantziz izaten da. Hasten zara gertaerak kontatzen, eta gero janzten dituzu fikzioan txinpartez, edo pertsonaiei kolorea ematen diezu. Kasu honetan aldrebes hasi ginen. Hasi ginen txinpartetatik, inspirazio horretatik, zorakeriatik… Erabaki genuen western bat bezala hasiko zela. Hasierako orrialdeetatik tonua hori zela erabaki genuen. Batzuetan onirikoa, beste batzuetan errealista, beste batzuetan memoriatik joko zuena, batzuetan Laboaren katarsirako gaitasun hori islatzen saiatzen zena, beste batzuetan kotidianoagoa ere bai”.
Komikian badaude lekuak, pasarteak. Bartzelona, Baztan, Donostia… Agertzen dira bere inguruko eta eguneroko pasarteak, eta sormenarekin lotutako pasarteak. Harkaitzen ustez, fikzioan oso zaila da azaltzea nola sortzen den kanta bat. “Filmeek normalean beti huts egiten dute. Ikusten duzunean biopic batean idazle bat idazten, beti atormentatuta, jakina, ikusten duzu zuzendariari kosta egiten zaiola sortze hori irudietan jartzea, eta hori zen beste desafioetako bat: zeintzuk dira inspirazioak? Nola egiten da kanta bat? Nola esplikatu komiki batean nola egiten den kantu bat komiki batek ez duenean soinu bandarik. Kantak ere hor daude, badago itinerario geografiko bat, aldarteen itinerario bat… badago berak aukeratzen zituen poemak (Atxaga, Sarrionandia, Artze, Bertolt Brecht…).Hori izan da gure apustua”.
Bere kantek duten “malgutasuna” nabarmendu du Canok: Txoria txori berdin kantatzen da ezkontza batean edo hileta batean. Bada anomalia bat. Estadio batean edo ume bati xuxurlatuta sehaska kanta moduan. Bakoitzak badauka bere Laboa, eta Laboak eramaten gaitu une batera, leku batera… Badakigu besarkaezina eta iheskorra den Laboa hori halaxe izango dela aurrerantzean ere. Komiki lorratz bat ustez behintzat saiatu gara paperera ekartzen.
Esan du ez direla lehenak izan. Dokumentazioan topatu du Napartheid fanzineak 1994an ateratako zenbaki bat, Laboari eskainia osoki. Hainbat marrazkilarik egindakoa. Canoren ustez, Laboak belaunaldi ezberdinak inspiratu dituen eta inspiratzen jarraituko duen norbait da.
Agurtzane Laboari eskerrak eman dizkio, “hasieratik izan zuelako konfiantza zoro hauengan, eta utzi zigulako askatasun eta aldarte umoretsu horri bide ematen”.