Kursaaleko garbitzaileek akordioa lortu dute enpresarekin, eta greba bukatutzat eman dute
Kursaaleko zazpi garbitzaileek greba mugagabea abiatu zuten hilaren 7an, euren lan hitzarmena hobetzeko eta soldatak KPI-aren arabera eguneratzeko aldarrikatuz. Orain, ia bi asteren ondoren, greba bukatutzat eman dute, Vectalia enpresarekin akordioa erdietsi ostean.
Garbitzaileak Vectalia enpresako langileak dira, enpresa horrek baitauka Kursaaleko garbiketa zerbitzuaren adjudikazioa. 2019tik, langileek soldatak izoztuta zituzten, eta 2022ko ekainean hauteskunde sindikalak egin eta ESK sindikatuak irabazi ondoren, langileen ordezkari sindikalak eta enpresak hainbat bilera egin zituzten. Lan hitzarmena hobetzea zen bilera horien helburua langileentzat, baina ez zuten akordiorik lortu, eta grebara joatea erabaki zuten. Zazpi langile dira, eta zazpiek egin zuten bat grebarekin; “hori funtsezkoa izan da akordioa lortu ahal izateko”, esan du ESK-k.
Greban enpresarekin negoziatzen aritu dira, eta, azkenean, enpresak honako eskaintza hau egin die langileei: 2022ko azaroaren 1etik aurrera soldatak %5 igotzea, 2023an %4, 2024an %3,5 eta 2025ean %2,5. Gainera, berrikuspen klausula hau ere ezarri dute: 2023etik 2025era KPI-a %10etik gorakoa bada, taulei alde hori gehituko zaie, taulak 2026ko urtarrilaren 1ean eguneratuta. ESK-ren arabera, langileek “aho batez erabaki zuten eskaintza onartzea, eta, hilaren 14an, hitzarmen kolektiboaren balioa duen akordio bat sinatu zuten”. Horrela, aldeek konpromisoa hartu dute hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordearen azken akta idazteko, Servicios Auxiliares de Mantenimiento S.A .enpresaren I. hitzarmen kolektiboa erregistratzeko eta argitaratzeko.
“Beste behin ere, agerian geratu da borroka dela bide bakarra, funtsezkoa izan delarik langileen batasuna eta langile guztiek egitea bat grebarekin hasieratik, Kursaal aurrean egunero mobilizatuz”, nabarmendu du ESK sindikatuak.