La Sirena aterpetxeak 100 ohe izango ditu gaurtik aurrera, iaz baino 34 gehiago
Donostiako Udalak gaur, 22:00etatik aurrera, jarriko du martxan neguko protokoloa, gaua kalean, muturreko hotz egoeran edo eguraldi txarragatik ematen duten abisuetan igarotzen duten pertsonei larrialdiko arreta emateko. Protokolo hau 2023ko martxoaren 31ra arte egongo da indarrean.
Ate Irekiko Zerbitzua, Abegi Etxea, Gaueko Aterpetxea eta muturreko metereologiaren ondorioz sortzen diren hil edo biziko egoeren aurrean jarduteko protokoloa dira neguko dispositibo honetan parte hartzen duten eragileak.
La Sirena aterpetxeak hartuko du Ate Irekiko Zerbitzua, eta aurten 100 plaza ditu, 2021ean baino 34 gehiago. Pertsona bereziki hauskorrei dago zuzendua eta Euskalmetek kostan izotz arriskua iragartzen duen egunetan irekiko da. Halaber, udalaren erabakiz, zerbitzua beste zenbait kasutan ere aktibatu ahal izango da.
Abegi Etxeak 40 plaza ditu, eta Gaueko Aterpetxeak larrialdietarako hamasei plaza, ate irekien zerbitzua aktibatu ez den gauetan, hipotermia izateko arriskua duten etxerik gabeko pertsonei zuzendua.
Neguko protokoloak udalak etxerik gabeko pertsonentzat urte osoan aktibatuta dituen zerbitzuak eta baliabideak indartzen ditu. Eragile hauen elkarlanari esker bideratzen da: Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, SOS Deiak, Osakidetzako Larrialdiak eta kalean bizi diren pertsonekin lanean ari diren elkarteak. Elkarte horiek iragarritako hotzaldietan kalean topatzen dituzten etxegabeei aterpe zerbitzuaren berri ematen diete.