Martuteneko espetxeak ez dauka preso gehiago hartzeko gaitasunik
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena jaso eta urtebetera, PP+C’s taldeak eskatuta. Azaldu duenez, hiru lurraldeetako espetxeek, Martutenekoak, Basaurikoak (Bizkaia) eta Zaballakoak (Araba) dagoeneko ez dute preso gehiago hartzeko gaitasunik.
Artozabalek azaldu duenez, hori dela eta, Eusko Jaurlaritza atzera botatzen ari da aipatu espetxeetan zigorra bete nahi duten presoen eskaerak; guztira, 220 eskaera bota dituzte atzera urtebetean, tartean zortzi euskal presorenak. Denbora tarte berean, 178 eskaera baimendu ditu Jaurlaritzak, tartean 81 euskal presorenak. Gaineratu duenez, espetxeen eskumenarekin “jasotako herentzia” kudeatzea ez da erraza izan, baina “pozik” dago egindakoarekin.
Bestalde, sailburuak azaldu du guztira 1.562 preso daudela hiru espetxeetan, 2021eko urtarrilean baino 272 preso gehiago. Esan duenez, bi faktorerengatik gertatu da igoera hori: alde batetik, preso gehiago espetxeratzen direlako aske geratzen direnak baino. Espetxeen kudeaketa transferitu baino lehen, presoen zati handi bat beste autonomia erkidego batzuetako espetxeetara eramanda konpontzen zuten arazo hori, baina eskumena Jaurlaritzak duenetik, hiru espetxeetako batean sartzen diren gehienak hor gelditzen dira. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eta estatuko beste autonomia erkidego batzuen arteko “lekualdatze fluxuak” ere eragin du preso kopuruaren igoera. Izan ere, azken urtean 178 pertsona lekualdatu dituzte hiru espetxe horietara, eta 120, aldiz, kanpoko espetxeetara. Hala ere, Artozabalek esan du presoen kopuruaren igoerak ez duela eragin txarrik izan kartzelaren barruko bizi baldintzetan, baina mugatu egin du zigorra hiru kartzela horietan bete nahi duten preso guztien eskaerak onartzeko aukera.
Bestalde, sailburuak esan du kartzeletan langile gutxiegi daudela: guztira, 675 daude gaur egun hiru espetxeetan. Azaldu duenez, hori dela eta, ezin dituzte Zaballako modulu guztiak ireki, nahiz eta espetxe hori modernoa den. Basauriko espetxeari buruz, esan du “txikia eta zaharra” dela, eta Martutenekoari buruz, “are zaharragoa” dela. Gogoratu behar da aurreikusten dutela 2024an irekitzea Zubietako espetxe berria, Martutenekoa ordezkatzeko. Langile faltari dagokionez, Artozabalek adierazi du lan eskaintza publiko batekin beteko dituztela falta diren lanpostuak. Ordura arte, ordea, 60 langile dituen lan poltsa bat sortuko du, “behin-behineko irtenbide” gisa. Urtea bukatu baino lehen lanean hasiko dira langile horiek.
Halaber, hiru espetxeetako presoei buruzko datu gehiago eman ditu sailburuak: hiru espetxeetako 1.562 presoetatik, 1.381 zigorra betetzen ari dira, 181 behin-behineko espetxealdian daude eta 441 hirugarren graduan daude.