TAO-ko eta garabietako langileek greban jarraituko dute
Gipuzkoako TAO eta garabi zerbitzuetako langileek greban jarraitzea erabaki dute, gutxienez beste hamar egunez, hilaren 27ra arte. Hala erabaki dute asteazken honetan egin duten batzarrean, negoziazioetan aurrerapausorik ez dagoela ikusita.
Izan ere, gaur bukatzen zen hilaren 9an abiatu zuten astebeteko greba, baina luzatzea erabaki dute. Grebak eragin nabarmena du Donostian, hiriko gune askotan baitago TAO zerbitzua. ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin ari dira greba egiten, eta “lan hitzarmen duin bat” aldarrikatzen dute, batik bat, soldatak KPI-aren arabera eguneratzeko eta urtean 1.592 lan ordu egingo dituztela bermatzeko. Aldiz, patronalak proposatzen du %4,5eko soldata igoera egitea 2021-2024 urteen artean, antzinatasunean eta baja osagarrietan murrizketak egiteaz gain, sindikatuek azaldu dutenez.
Urriaren 28tik 30era ere greba egin zuten, eta baita azaroaren 4tik 6ra ere. Orain, hilaren 27ra arte jarraituko dute greban, eta aurrerapausorik eman ezean, langileak prest daude greba hau mugagabe bihurtzeko.