Agindutako bidegorriak eta mantentze lanak egitea eskatzeko mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk
EH Bilduk jakinarazi duenez, datorren asteko udalbatzarrari begira, mozio bat aurkeztuko du bidegorrien sarea osatzeko aurreikusitako zatiak egin daitezela eskatzeko. Lehentasuna emango diote gobernu programan jasotako zati berriei eta industrialdeetara (27. industrialdea, Zuatzu eta Igara) bizikletaz joan ahal izateko zatiei. Era berean, Udal Gobernuari eskatuko diote egungo bidegorrien mantentze-lanak planifika ditzala.
Cristina Enea Fundazioaren arabera, bizikleta %4,2ko erabilera kuota izatera iritsi da eta egunero, Donostian, batez beste, 28.274 joan-etorri izan ziren 2021ean. “Hau da, erabilerak %30 egin du gora 2019tik. Eta dBizi lortzen ari den datu onak ere aipatu behar dira”, adierazi du EH Bilduk ohar baten bidez.
Igoera honek bizikletentzako azpiegiturak handitzea eta mantentzea ekarri beharko lukeela uste du; hala nola, bidegorri-sarea handitzea eta dagoenaren mantentze egokia egitea eta hiriko aparkalekuen sarea handitzea. “Baina Udal Gobernuak ez du lehentasunez hartu, eta, adibidez, EAJ-PSEren 2019-2023 gobernu programan jasotako hainbat bidegorri ez dira egin (Altza, Mirakruz, Zurriolako bigarren zatia…). Hiru urte luze hauetan soilik Aietekoa eta Kontxa-San Martinekoa egin dira. Bidebieta-Txintxerpe zatiari dagokionez, atzerapen handiarekin dator eta ez dago argi ea legealdi amaierako egingo den edo ez”, deitoratu du.