Astiñeneko zubia datorren astean irekitzea aurreikusten du udalak
“Astiñeneko zubiko lanak erritmo onean doaz aurrera, eta, dena ondo badoa, baliteke datorren astean irekitzea”, Donostiako Udalak dioenez. Hiri Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak azaldu du egunotan “azken ukituak” ematen ari direla zubian, eta zirkulazioa ireki ahal izateko egin beharreko probak egin dituztela: “Atzo [hilak 16], Dbuseko bi autobusek igarotze probak egin zituzten, egin beharreko maniobrak kontuan hartu eta asfaltoan erreiak non margotu erabakitzeko. Probak emaitza ona izan zuen. Autobusak arazorik gabe pasatu ziren eta ez zuten gelditu beharrik izan, nahiz eta tokirik sobratu ez. Hala ere, emaitza ona da, kontuan izanik zubia oraingoa baino apur bat zabalagoa dela”.
Zubia bukatuta dagoela gehitu du zinegotziak, baita azken gauotan gauzatu duten bideak lotzeko fasea ere. Erreiak bart margotu dituzte, eta egin beharreko indar proba ere egin diote zubiko barandari (300 kiloko bultzada jasan behar du); proba horrek ere emaitza ona izan duela zehaztu du udalak. “Azken proba geratzen da, zamarena, eta hori datorren asteartean egingo da. Probaren emaitza ona izatea espero da, eta, hala bada, zubia egun horretan bertan edo asteazkenean irekitzeko prest egongo da”, gehitu du Arrizabalagak.
Zubia ibilgailuentzat, bizikletentzat eta oinezkoentzat irekiko dute, nahiz eta espaloietarako zoladuraren zain dauden oraindik; Portugalgo enpresa batetik iritsi behar da. Udalak dioenez, “nolanahi ere, espaloiak hormigoizko zorua du eta arazorik gabe igaro daiteke bertatik”. Irekiera egunetik aurrera, zubi zaharra ez da gehiago erabiliko, eta eraisteko prest egongo da, udalak nabarmendu duenez.
Gogoratu behar da Astiñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan. 2019an hasi ziren lanekin, eta ordutik atzerapen ugari izan dituzte, pandemia tarteko.