Bederatzi establezimenduren lana aitortu dute
VI. Donostiako Merkataritzako Sariak banatu zituzten atzo arratsaldean, Maria Kristina hotelean. Guztira, hiriko bederatzi establezimenduren lana aitortu zuten. Almacenes Ferrer, Coro Sotero arrandegia, Almacenes La Bretxa, Izko ile apaindegi ekologikoa, Origen, Drunkat, Lauter Craft Beer, Paname lore estudioa eta Parkean Arte. Sari hauek Donostiako Udalak antolatzen ditu Sustapena sailaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren eta San Sebastian Shops-en laguntzarekin.
Marisol Garmendia Ekonomia zinegotziak sarituen lana goraipatu zuen: “Donostiako saltoki txikiak hirirako sektore estrategiko izaten jarraituko dute. Atzean uzten ari gara herritarren eta saltokien egunerokotasuna baldintzatu duten une zailak. Aitortu egin behar dizuegu lanean beti erne eta tinko jarraitzeko egindako ahalegina, aberastasuna, enplegua eta hiri marka sortuz”.
Hainbat kategoriatan saritu zituzten saltokiak. Merkataritza ibilbide finkatuaren kategorian, Almacenes Ferrer, Coro Sotero arrandegia eta Almacenes La Bretxa. Saltoki jasangarriaren kategorian, Izko ile apaindegi ekologikoa eta Origen. Saltoki berritzailearen kategorian, Drunkat eta Lauter Craft Beer. Eta saltoki sortu berriaren kategorian, Paname lore estudioa eta Parkean Arte.