Dinbi Danba taldeak 'Argietatik kanpo' diskoa argitaratu du
Dinbi Danba rock talde donostiarrak Argietatik kanpo diskoa argitaratu berri du, eta taldearekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke; plataforma digitaletan ere entzungai dago. Taldearen seigarren diskoa da, eta hamar abestik osatzen dute. Abesti batzuetan, Ibon Irijoaren (saxofoia), Arkaitz Sistiagaren (tronpeta), Ramontxo Vegaren (tronboia), Andres Laneren eta Marian Martinen laguntza izan dute.
Donostian 2000. urtean sortutako taldea da Dinbi Danba, 1980ko hamarkadatik hainbat taldetan (Stick, Txinataun eta Tumatxa, adibidez) elkarrekin aritutako Joserra Lorenzo gitarrista eta teklatu jotzaileak, Roge Garcia bateriak eta Imanol Lorenzo baxu jotzaile eta abeslariak osatutakoa. Jazz-rock talde bat da berez, euren lehenengo lau diskoak jazz kutsukoak baitira: Dinbi danba (Gaztelupeko Hotsak, 2003), Cruce de cables (Gaztelupeko Hotsak, 2006), Mamuak (Gaztelupeko Hotsak, 2010) eta Here comes the moon (ekoizpen propiokoa, 2018). 2021ean, euren lehenengo rock diskoa kaleratu zuten: Azken kolpea (ekoizpen propiokoa, 2021). Orain argitaratu dutena ere rock disko bat da.