Groseko merkataritza txikiaren aldeko kanpaina abiatu dute
Groseko merkataritza txikiaren dGros elkarteak Zuk argitzen duzu Gros kanpaina abiatu du, “Gabonetako erosketei begira, tokiko merkataritza bultzatzeko eta urte osoan auzoko establezimenduen aldeko apustua egitearen garrantzia nabarmentzeko”, elkarteko presidente Angel Navarroren esanetan. Auzoko bizilagunen konplizitatea bilatu nahi dutela gaineratu du, “bien mesederako izango den harreman baten alde” egiteko. Gipuzkoako Merkatariak federazioan sartuta dago elkartea, eta 144 bazkide ditu.
Horrela, izar formako bonbilla bat duen kutxa bat sortu dute kanpainarako, eta bat egin duten establezimenduek euren erakusleihoetan jarriko dute. Ostiralean, hilaren 18an, denek batera piztuko dituzte bonbillak, 18:00etan. Bi aste barru hirian egingo duten Gabonetako argien piztearekiko keinu gisa egingo dute. Horrez gain, kanpainak hainbat zozketa izango ditu auzoko saltoki txikietan erosten duten herritarrentzat. 2019an, antzeko kanpaina bat egin zuten auzoan, eta horren lekukoa hartu dute orain; orduan, bonbillak borobilak ziren, izar formakoak izan ordez.
Kanpainaren aurkezpenean, duela gutxi ateak itxi behar izan dituzten saltoki enblematikoak nabarmendu zituen Navarrok: La Dalia, Izadi Kirolak eta Mikel erloju denda. Horrez gain, 100 urte baino gehiago dituzten establezimenduak nabarmendu ditu: 120 urte bete dituen Calzados Miracruz eta jada ehundik gora urte dituen Almacenes San Ignacio. Era berean, mendea betetzear dauden beste batzuk ere aipatu diru: Alvarez burdindegia eta Miner bizikleta denda eta tailerra, besteak beste. “Horiek guztiak eredu eta ispilu dira guretzat”, gaineratu du, eta auzoan “ateak ilusio handiz” irekitzen ari diren saltoki berriak ere nabarmendu ditu.
Eneko Goia Donostiako alkatea ere aurkezpenean izan da, eta begi onez ikusi du kanpaina, haren esanetan, garrantzitsua baita merkatariak batzea: “Hortik sortzen da zuen indarra”. Era berean, Donostiako Udala elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du, “merkataritza bizitza dela” uste duelako. “Komunitatea ez litzateke berdina izango zuek gabe”, gaineratu du.