Haritzaldek hazi banaketa egingo du Kristinaenea parkearen sarreran
Larunbatean, hilaren 19an, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak hemengo zuhaitzen hazi banaketa egingo du. Egiako Kristinaenea parkearen sarreran egongo dira 10:00etatik 14:00etara.
Aurten, haritz, arte, pago, astigar eta lizar haziak doan banatuko dituzte. Haziekin batera, nola erein eta gero zuhaitzak nola landatu behar diren azaltzen duen informazioa ere emango dute. Gainera mahaien inguruan informazio taulak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat zuhaitz eta zuhaixken informazioarekin.
70.000 hazi inguru
Haritzalderen 30 urte luzeko ibilbidean, 70.000 hazi inguru banatu dituzte 15.000 herritar baino gehiagoren artean. “Helburu nagusia sentsibilizazioa da, den-denok egin baitezakegu zerbait”, azaldu dute.
Eredu bat ere jarri du elkarteak: “Zuhaitz baten hazia, ezkurra kasu, zein txikia den eta zer zuhaitz ederra izan daitekeen, baina horretarako zenbat denbora pasako da? Asko. Etxeko loreontzi batean ereindako hazia urte betean landaretxo egiten da. Prozesu polita bezain mantsoa. Jendea konturatzen bada, eta berak ereindako hazia, zaindutako eta mendian landatutako zuhaitza maite badu, eta babesten badu, naturazale berri bat izango dugu”.