Iritsi da hitzez ekiteko garaia
Euskaraldia ofizialki bihar hasiko bada ere, Donostian jaia aurreratu eta ariketa sozial masiboaren hasierako ekitaldia egin dute Bulebarrean hiriko ahobiziek eta belarriprestek.
Goizean hiru mintzodromo antolatu dituzte, baina benetako festa 18:00etan hasi da, udalaren Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, sekulako dantza saio alaia egin baitute argi dotorez apaindutako karpa batean. Fandangoa eta arin-arina, Txapeloaz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Euskaldunak gara eta beste hainbat abesti dantzatu eta kantatu dituzte bertaratu direnek.
19:00etan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai igo dira agertokira, umorearen bidez Euskaraldiari ongietorria emateko. Besteak beste, Euskaraldiko txapa urte osoan janzten dutenen artean sortzen den konplizitatea, txantxetan “sekta sentimendua” bezala izendatu dutena, eta Donostian euskararen erabilera nolakoa den izan dituzte mintzagai. “Donostian euskara gehien ulertzen duen auzoa Zubieta da (%88), eta gero Igeldo (%80). Baina Donostiako auzo gehienetan, %60-%80ak ulertzen du euskara, beraz, ez dago aitzakiarik Donostian ere euskaraz bizitzeko”, azaldu du Torregaraik.
Jarraian, Euskaraldiaren mezua irakurri dute Tanya de la Cruzek, Iñaki Salvadorrek eta Sua Enparantzak. Aurtengo Euskaraldiaren leloa, Hitzez ekiteko garaia, oinarritzat hartuta, leloaren hitz bakoitzak duen balioaren inguruan aritu dira. “Hitzekin eraiki ditzakegu zubiak, josten ditugu sareak, hitzez sentitzen gara komunitate”, esan du de la Cruzek. “Ekinez lortuko dugu kalea irabaztea. Ekintza herria gara, milaka lagun mugiarazi eta auzolanean aritzeko gaitasuna duen herria”, adierazi du jarraian Salvadorrek. Azkenik, Enparantzak hartu du hitza: “Hamabost egun ditugu hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko. Lorpen askoren gehiketarekin aldatuko ditugu gizartearen inertzia denak. Hitzez ekinez, gu geu mugituko gara, eta gure ingurukoak mugiaraziko ditugu”.
Mezuaren ostean, txapak janzteko “zeremoniari” hasiera eman diote atzera kontaketa batekin. Martiarenak eta Torregaraik txapak erakusteko eskatu diote publikoari, eta hamarretik zerora kontatu ostean, txapak jarri dituzte ahobiziek eta belarriprestek. Hamabost egunetan, txapa horiek soinean eramango dituzte.
Donostiako Mugan taldeak eman dio amaiera ekitaldiari, kontzertu paregabe batekin.
Datozen hamabost egunetan, Donostiako auzoetan Euskaraldiarekin lotutako askotariko egitasmoak prestatu dituzte.
Bestalde, IRUTXULOKO HITZAK Euskaraldiaren gehigarri berezia argitaratuko du bihar astekariarekin batera. Aurtengo edizioari buruzko informazio zabala izango duzue ikusgai gehigarrian.