Julio Villar donostiarraren 'E, petrel!' liburua euskaratu dute
Julio Villar abenturazale, alpinista eta idazle donostiarraren (Donostia, 1943) Eh, petrel! liburu ezaguna beste hizkuntza batean irakurri ahalko da aurrerantzean: euskaraz. Ibon Gaztañazpi (Orio, 1977) arraunlari ohi eta arraun esatariak egin du itzulpena, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin eta Zumardia elkartearekin elkarlanean argitaratu dute. Ostegun goizean egin dute aurkezpena Albaolan, Villarrek, Gaztañazpik, Albaolako Xabi Agotek eta Zumardiako Ramon Olasagastik.
Villarren liburua 1974an argitaratu zen, eta gerora beste hamabost edizio atera dira, arrakasta handiko liburua izan baitzen. Izan ere, Villarrek 1968ko apiriletik 1972ko uztailera egindako bidaia bat du hizpide, eta bidaia horretan zehar idazten joan zen sentipenak, bizipenak eta bestelakoak jasotzen ditu. Villar Bartzelonako portutik abiatu zen, Mistral izeneko belaontzi txiki batean: zazpi metroko luzera, bi metro eta erdiko zabalera eta 1.200 kiloko pisua zuen. Denbora horretan, Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indikoa zeharkatu zituen, bidean geldialdiak eginez, besteak beste, Karibean, Galapagoetan, Markesa uharteetan, Tuamotun, Tahitin, Haizebeko uharteetan, Cooken, Hebrida Berrian, Fijin, Zeelanda Berrian, Ginea Berrian, Koral itsasoan, Australiako iparraldean, Arafura itsasoan, Timorko itsasoan, Indiako ozeanoan, Txagos uhartedian, Madagaskarren, Mozambiken, Hegoafrikan, Santa Helena uhartean eta Brasilgo ipar-ekialdean. Guztira, 38.000 itsas milia baino gehiagoko bidea egin zuen, eta Lekeition bukatu zuen abentura.
Villar pozik agertu da bere liburua orain euskaratu izanarekin: “Duela 50 urte, liburua idatzi nuenean, zeinek esango zidan orain hemen egongo ginela, euskarazko bertsioa aurkezten. Oso eskertuta nago. Liburuak asko egin du hegan orain arte, eta hegan egiten jarraituko du”. Liburua itsasoan idatzi zuela kontatu du, liburu bat idazten ari zela jakin gabe ere, koadernoetan sentitzen zuena idazten joan baitzen, besterik gabe. “Liburu honek nire kontzientzia bat islatzen du, bidai hartako kontzientzia. Irakurtzen dudanean, orduko gazte hori izaten jarraitu nahi dut”.
Gaztañazpirentzat ere berezia izan da Eh, petrel! euskaratzea: “17 urterekin irakurri nuen estreinakoz, eta erreferentziala izan zen niretzat. Ondoren, handik hainbat urtera, Hawaiira joan nintzen lan kontuengatik, eta, hango hondartza batean nengoela, liburua berriz irakurtzen hasi nintzen. Nire bigarren haurra jaio berri zen, hipoteka bat neukan sinatuta, eta Hawaiiko hondartza hartan liburua irakurtzen ari nintzela, ispilu baten modukoa izan zen niretzat, iradokitzen zidanagatik: alde batetik, irakurtzen jarraitu nahi nuen eta bidaia horrekin jarraitu nahi nuen, baina, bestetik, bizitza errealeko errutina ikusten nuen. Orduan, itzuli behar nuela erabaki nuen”. Era berean, liburua “oso ederra” dela nabarmendu du, baina edertasunaren gainetik zer aldarrikatu nahi izan du: “Liburuaren atzean mundu bira bat dago, benetako muturreko abentura bat”.
Agote eta Olasagasti ere “oso pozik eta harro” agertu dira Eh, petrel!-en euskarazko bertsioa argitaratu izanagatik. “Itsasoaren erdian dagoen itsasargi baten modukoa da liburu hau, argitaratu zen arte, itsas kontakizunak oso teknikoak baitziren; hau, aldiz, emozioen kontakizun bat da”, nabarmendu du Agotek.