Xabier Salaberriak Oteizaren 'Aita Donostiaren omenez' berrinterpretatu du
Tabakalerak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak Frisoa aurkeztu dute, Xabier Salaberria artistak (Donostia, 1969) sortutako esku-hartze artistikoa. Erakusketa gaurtik eta urtarrilaren 8ra bitartean egongo da ikusgai Tabakalerako bigarren solairuan, eta Homenaje al padre Donosti, Suite con el paisaje de Agiña (1959) hartzen du abiapuntutzat.
Jorge Oteiza eskultoreak (1908-2003) Donostiako Banco Guipuzcoanorentzat egindako harrizko frisoa da. Sortu baino urte batzuk lehenago, Luis Vallet arkitektoak eta Jorge Oteizak enkargu bat jaso zuten Jose Gonzalo Zulaika eta Arregi Aita Donostiari omenaldia egiteko, eta kapera bat eta hilarri bana sortu zituzten Agiña mendian (Nafarroa). Testuinguru horretan sortu zen gaur egun erakunde finantzario horretan dagoen frisoa (Askatasunaren Hiribidea, 21, Donostia), Agiñako monumentu-multzoaren ezaugarrietako batzuk biltzen dituena. Dirudienez, suite izena ez da kasualitatea, musika ekartzen baitu gogora, eta, horrela, frisoak pentagrama bat bezala funtzionatzen du, eta hortik igarotzen da melodia, aldez alde.
Salaberriak proiektu honekin Oteizaren lan pedagogikoetan jarri nahi izan du azpimarra, baita eskultorearen alderdi ludikoenean ere, bere ibilbide artistikoan nahiko ezezagunak diren alderdiak.
Artista donostiarrak jatorrizko frisoaren berrirakurketa egin du haren proportzio berdinak mantenduz. Aukeratu duen hondo berdeak eta honi gainjartzen zaizkion objektuen konposaketak, Ben Nicholsonen billar-jokoak ekartzen dituzte gogora. Nicholsoni erreferentzia Oteizaren frisoko erliebe abstraktuetan aurki daiteke batez ere, izan ere, artista ingelesaren obrak eragin nabarmena izan zuen Oteizaren lanean.
Bestalde, Oteizak pedagogiari eskaini zion arreta Salaberriak lan tresnekiko agertzen duen interesean islatuta aurki daiteke, baita espazioaren ulermen eta jolasarekiko atxikimenduan ere. Artelan honekin batera ezohiko ping-pong mahaia sortu du artistak. Tabakalerako espazio horretan dagoen mahaiaren erreplika izan daitekeen eskulturak Oteizaren -eta Nicholsonen- alderdi ludikoena iradokitzen digu. Azkenik, altzairuz eta egurrez egindako hirugarren eskultura batek osatzen du instalazioa.