Abenduaren 2an piztuko dituzte Gabonetako argiak, musika eta irudi ikuskizun batek lagunduta
Donostia 2022 Gabonetako Europako Hiriburua da Italiako Genova hiriarekin batera. Donostiako Gabonak abenduaren 2an hasiko dira ofizialki, Gabonetako argien piztuerarekin, Gabonetako Merkatuaren irekierarekin eta “programazio solidario, inklusibo eta jasangarri” baten hasierarekin. Programa hau urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, eta, udalak jakinarazi duenez, hiria egun horietan bisitatzeko helmuga erakargarria bihurtu nahi du.
Abenduaren 2an, Gabonetako argiak pizteko ekitaldia eta Gabonetako Azokaren inaugurazioa izango dira Frantzia Pasealekuan, Maria Kristina zubiaren ondoan. 18:00etatik aurrera izango da.
Aurtengoan, laser argien ikuskizun batekin hasiko da, Urumea ibaiaren eta Maria Kristina zubiaren gaineko musika eta irudi ikuskizun batek lagunduta. Jarraian, panpin argitsu erraldoi batek zubia eta inguruak zeharkatuko ditu musikaz lagunduta. Papin erraldoia 20:00ak arte geratuko da nahi duenak berarekin argazki bat atera dezan.
18:30ean, Gabonetako argiak piztuko dira, eta amaiera emateko, su artifizialen bilduma bat jarriko da ibaian. Segurtasuna bermatzeko, Maria Kristina zubian ezingo dira ibilgailuak sartu 16:30-18:30 bitartean, bi noranzkoetan, eta Santa Catalina zubia erabili beharko dute haren ordez.
Gabonetako Merkatua
Donostiako Gabonetako Merkatua, Urumea ibaiaren inguruan kokatua, Europa erdialdeko Gabonetako merkatu tradizionalen estiloan diseinatuta dago. Aurten, 57 etxola izango ditu, Gabonetako produktu tipikoekin: gozokiak, turroiak, jostailuak, artisautza, opariak, apaingarriak… 41 etxola Frantzia pasealekuan daude, eta beste hamasei, aurten berrikuntzak izango dituen eta erakargarriagoa izango den Ramon Labaien plazan.
Merkatuak, gainera, hainbat jarduera hartuko ditu nagusientzat zein txikientzat: abesbatzak, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta erakustaldiak, magia edo dantza, besteak beste. Aurten ere, Gabonetako azoka online egongo da. Izan ere, www.dssmarketplaza.eus udal webgunean, betiko Gabonetako Azokako erakusketariez gain, Donostiako dendetako produktuak ere erosi ahal izango dira.
Gabonetako argiak
Aurten, eraikin eta gune ikonikoetan ere jarriko dira Donostiako Gabonetako argiak. Horrela, Victoria Eugenia Antzokiko argiek Urumea ibaiko argien lerroa osatuko dute. Kontxako erlojuetan ere jarriko dira argi berritzaileak, eta baita Gabonetako photocalla ere.
Gabon hauetan, Santa Katalina zubia berritu egingo da. Zubi horrek argi-izei batzuk izango ditu, merkatuaren ildoari jarraituz eta Labaien plaza eta Frantzia pasealekua lotuz. Izan ere, merkatuak bere sarbide-ate argiztatuak izango ditu, Europako merkatu handien antzera.
Gabonetako Bola hamabi metroko altuerako bola bat izango da aurten, eta barrutik igaro ahal izango da, sartzeko lau ate baititu. Askatasunaren Hiribideak ere argiztapena berrituko du, zuhaitz kimatu berrietan adaburuak simulatuz. Loiola kaleak argien sabaia mantendu eta berritu du, eta opari-paketeen, aterkien eta gainerakoen formako apaingarriak nabarmentzen dira. Egunero 17:45etik 22:00etara piztuko dira.
Atrakzioak
Andia Kaleko noria da azken urteotan Donostiako Gabonetan elementu nagusia. 32 metroko altuera duen noria honek 22 kabina erdi-itxi ditu, eta, gehienez, 144 bidaiari eraman ditzake bidaia bakoitzean. Gainera, minusbaliotasunak dituzten pertsonentzat sarbidea eta pertsona horien sarbiderako egokitutako kabina ere baditu. Bidaiak bost euro balioko du, astelehenetan izan ezik, %50eko deskontua izango baitu.
Federico Garcia Lorca plazan lerentzako arrapala jarriko da berriz ere, eta elurrez estalitako mendia balitz bezala, gazteenak puzgarri batean jaitsi ahalko dira hiru erreietako batetik behera. Prezioa bi eurokoa izango da bi jaitsierarako, eta %50eko deskontua izango du astelehenetan.
Hirugarren atrakzioa Gabonetako apaingarriekin dekoratutako elur-oreinen trena izango da. Hiru euro eta erdiko prezio du bidaiak, astelehenetan ezik (bi euro eta erdi).
Gabonetako Europako Hiriburua
Gabonetako Europako Hiriburua izatearen ondorioz, Italiako Genova hiriarekin batera Donostiak duen titulua, pantaila erraldoi bat jarriko da Ramon Maria Labaien plazan, egunean hainbat ordutan, Genovako Gabonekin zuzenean konektatzeko.
Egitasmo honen bitartez, donostiarrek zein bisitariek zuzenean ikusiko dute Italiako hiri horretako Gabonetan gertatzen ari dena, eta, handik ere, pantaila erraldoian ikusiko dute une horretan plazan bizi dugun guztia.
Abenduaren 8 eta 15 bitartean egongo da pantaila martxan eta aste horretan zehar, bi hirietako agintarien eta enbaxadoreen arteko topaketak ere egingo dira.
Bideo mapping-a
Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra bitartean, egunero, hainbat bideo mapping proiekzio erakutsiko dira San Telmo museoaren fatxadan. Proiekzioek Gabonetako elementuak eta ikonografia bilduko dituzte, modu dotorean aurkeztuta, argiaren eta soinuaren bidez, gure inguruko, kulturako eta hiriko elementuak erantsiz.
Ikuskizunean sormenarekin bat datorren soinu-banda erabiliko da, berbera egunero, urtarrilaren 4an izan ezik, non aldaketa txiki batzuk egingo zaizkion errege bezperarako egokia izan dadin. Bideo mappingeko lau emanaldi eskainiko dira egunean (18:30, 19:30, 20:30 eta 21:30) bost minutukoak.
Gabon jasangarriak
Udaletxearen terrazan eguzki panelak jarriko dituzte terrazan bertan jarriko diren Gabonetako elementuak argiztatzeko. “Horrela, Gabonetako kanpaina honek bultzatzen dituen balioetako batean sakonduko du, energia berriztagarrien erabilera eta jasangarritasunean, alegia”, azaldu dute.
Bestetik, Gabonetako Merkatuak aurten ere smart gailuak izango ditu, esaterako, hiriko hainbat tokitan pertsonen kopurua neurtzeko, eta bestelako sistemak ere bai, led argiak esaterako, hiri osoko Gabonetako argiztapen sistema gisa.