Aisialdi gune bat bizitoki bihurtuta
2003an 388 etxebizitza eraiki zituzten Atotxan, 1913tik 1999ra Realaren futbol zelaia egon zen tokian. Donostiako Udalaren hirigintza plan horrek berehalako erreakzioak sortu zituen Egian, eta protesta asko antolatu zituzten etxebizitza horiek eraikitzearen aurka.
Atotxako babes ofizialeko etxe bat 637.000 euroan salgai jarri zuten herritar batzuek Idealista atarian, eta azken asteotan zeresan handia eman du gaiak. Donostiako Udalak adierazi du etxebizitza hori eskuratzeko lehentasuna duela, eta ezin dela merkatu librean salgai jarri.
Atotxan 388 etxebizitza eraiki zituzten 2003an, guztiak ere babes motaren batekin esaterako, 252 dira babes ofizialekoak. Brues-Progrem eraikuntza enpresa izan zen sustatzailea, eta eraikitako 32 etxebizitzarekin geratu zen. Horiek dira prezio librean saldu daitezkeenak, eta horietako bat da Idealista atarian salgai jarri dutena. Ordea, udalak dio etxebizitza hori dagoeneko ez dagoela aipaturiko 32 horien artean.
Gogoratuko duzuenez, lursail horretan Realaren etxea zen Atotxa futbol zelaia zegoen garai batean. Atotxako estadioa 1913ko urriaren 4an inauguratu zen, eta Realaren aurkaria Athletic izango zela iragarri zenean, ikusmin handia sortu zuen. Bilbotik, Irundik, Tolosatik, Miarritzetik eta Logroñotik garraio zerbitzu bereziak antolatu ziren.
Hasierako Atotxak harmaila nagusi bat zuen, egurrezkoa eta oso apaindua. Zutabe ugari zituen, hauek ere apaingarriz josiak. Haren parean, terraza handi bat zegoen eta barrenean bi harmaila txiki zituen. 1950eko hamarkadan grada berriak eraiki ziren. Iparraldeko aldea Fruituen atea izenez ezagutzen zen, merkatuaren alboan eraiki baitzen. 1970eko hamarkadan bigarren harmaila eraiki zen.
Wikipediaren arabera, edukieraz garaiko futbol estadioetarako “ertaina” eta gaur egungo estadioekin parekatuz gero «apala» izan arren, ikusleak zelaitik eta jokalariengandik oso hurbil egotea ahalbideratzen zuen, “ziur aski Lehen Mailan ikusleak jokalarietatik hurbilen zeuden estadioa bilakatuz”. Urte batzuetan, 27.000 inguru lagunentzako edukiera izatera iritsi zen Atotxa.
1993ko ekainaren 13an jokatu zen azken jardunaldia Atotxan, eta hainbat urtez baztertuta eta egoera kaskarrean egon ondoren, 1999ko maiatzaren 28an behin betiko eraitsia izan zen.
Herritarren erreakzioak
Karlos Trenor Egia Bizirik auzo elkarteko kideak azaldu duenez, hasierako plana Atotxan etxebizitza libreak eraikitzea zen, eta auzoan erreakzioa berehalakoa izan zen. Atotxako lurra jabetza publikokoa zen, eta ezin zen negoziorik egin. Etxebizitzak eraikiz gero, babes ofizialekoak izatea eskatzen zen.
Mobilizazio ugari egin ziren. Alde batetik, futbol zelaiko horman horma irudiak egin zituzten hirigintza plan horren aurka. Bestalde, Txabola Eguna ere antolatu zuten. “Modu ironikoan, txabolak jarri zituzten Plaza Haundin, eta etxebizitzen zozketa bat antolatu zuten”, azaldu du Trenorrek.
Horrez gain, 2.000 sinadura inguru bildu ziren, etxebizitza guztiak babes ofizialekoak izatea eskatuz. “Sinadurak kalejira baten bidez eraman ziren udaletxera”, jakinarazi du Trenorrek. Bestalde, zinegotziei mahai inguru baterako deia egin zitzaien, haien iritzia jakiteko.
Egiako koordinakundea
Garai hartan, Egian koordinakunde batek egiten zuen lan, eta elkarte askok egiten zuten bat koordinakunde horrekin. Udalaren plana jakin zenean, koordinakundeak idatzizko erreakzioak jaso zituen manifestu batean: “Atotxan etxe asko daude. 381 etxebizitza gehiago jartzea gehiegi da. Kopurua murriztu beharko litzateke”; “Egian falta dena langileentzako etxebizitzak dira, ez dirudunentzako etxebizitzak. Etxebizitza guztiek babes ofizialekoak izan beharko lukete, eta horietako asko, alokairuan. Egingarria da, Atotxako lurzoru guztia udalarena baita. Donostiako etxebizitzak garestiago egiteko arrazoi bat da lurzorua oso garestia dela. Atotxakoa doakoa da… guztiona delako”, zioten, besteak beste.
Egoera hobetzeko, kexak aurkezteaz gain, hainbat proposamen ere egin zituen koordinakundeak. Euren iritziz, Atotxako etxebizitzen erdiak udal jabetzakoak izan behar ziren, eta behar zutenei alokatu behar zitzaizkien. “Prezio egokia hilean 25.000 pezeta izan daiteke”, adierazi zuten.
Bestalde, harrera etxe batzuk erreserbatu behar zirela uste zuten: errehabilitazioan dauden toxikomanoak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeak eta abandonatutako haurrak bizitzeko, besteak beste. Eta salgai zeuden etxebizitzak arrazoizko prezio batean saltzea ere proposatu zuten: formula 75 urteko usufruktua izan daiteke, denbora horren ostean udalari itzuliz. Zer gertatuko ote da azken asteotan salgai jarri duten etxe horrekin?