Auzotarrentzat aparkaleku gehiago jarriko dituzte Amaran
Amarak aparkaleku gehiago izango ditu, TAO zein egoiliar txartela duten ibilgailuentzako aparkalekuak, eta motorrentzako eremu berezi bat sortuko da Anoetan partidak dauden egunetarako. Horrela adierazi du Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak gaur goizean. Horretarako, ezinbestekoa izango da Errondo pasealekuan, Aita Donostia plaza eta Jose Maria Salaberria kalearen artean, lanak egitea, eta inguruko kaleak berrantolatzea.
Anoetako Estadioaren edukieraren handitzearen eta sarrera eta irteera konfigurazio berrien ondorioz, trafikoan zen aparkalekuetan hainbat aldaketa egin behar izan ziren segurtasun neurriekin bete ahal izateko. “Gainera, zale gehiagoren bertaratzeak Amarako auzotarrei aparkatzeko arazo gehiago sortu dizkie”, azaldu du Aranak.
Horiek horrela, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio departamentuak hainbat neurri martxan jarri ditu partida egunetan trafikoa arintzeko. Aldi berean, Amarako kaleen azterketa egin du auzotarrek urte osoan duten aparkalekuen beharra eta garraio mota ezberdinak erabilita partida egunetan estadiora joaten diren pertsonen beharrak uztartzeko. Eta besteak beste, Illunben motorrentzako aparkaleku berezia eta Amara Berri Ikastetxearen patioan bizikletentzako zein patineteentzako aparkalekua sortu zituen.
Errondo pasealekuan 105 TAO plaza gehiago
Behin ingurua aztertuta, udalak erabaki du 45 TAO aparkaleku berri sortzea Errondo pasealekuko erdibitzailearen ondoan Aita Donostia eta Karlos I hiribidearen artean. Plaza horiek, Josean Gasca kiroldegiaren ondoko aparkalekuarekin gertatzen zen bezala, motorrentzako 220 plazatan bihurtuko dira partida egunetan.
Horretarako, Udalak zirkulazioaren bide bat kenduko du eta erdibitzailearen ondoan espaloi txiki bat egin beharko du, bertan aparkatzen dutenek segurtasun osoz lekua utzi ahal izateko. Eta lan horiek egin ahal izateko, Mugikortasun eta Garraio departamentua proiektua idazten ari da. Udalak 250.000 euroko inbertsioa egingo du eta lanak 2023an egin ahal izango dira. Gainera, Errondo pasealekuan, Karlos I eta Morlanseko biribilgunearen artean, dauden 90 TAO plaza 150 plaza izatera pasako dira, baterian aparkatuta.
Auzotarrentzako 137 plaza berri
Horrekin batera, eta egoiliar txartela duten auzotarrentzako aparkaleku plaza gehiago sortzeko helburuarekin, udalak Karlos I-ren azpian dagoen aparkalekua eta Olaeta kalea soilik egoiliar txartela dutenek aparkatu ahal izateko utziko ditu.
Hortaz, Karlos I-ean hiriko sarrera eta irteera azpian dagoen eremuan egoiliar txartela duten auzotarrentzat 65 plaza berri sortuko dira, eta ondoan dagoen Olaeta kalean dauden 72 aparkaleku plaza ere egoiliar txatela duten ibilgailuak aparkatzeko izango dira. Beraz, 137 plaza berri sortu dira, eta inguruan daudenekin, Amarako inguru horrek guztira 309 plaza izango ditu.