'Kuartel berririk ez' egitasmoak desmilitarizazio sozialaren aldeko lanean jarraituko du
Donostiako Udalak 73,3 milioi eurogatik erosiko du Loiolako kuartelen lursaila. Horren aurrean, Kuartel berririk ez, ez Donostian, ez munduan inon egitasmoak oharra plazaratu du. “Akordioak ez ditu betetzen pertsonen interesak interes militarren gainetik jarriko dituen desmilitarizazio sozialeko prozesu oso bati lotutako nahiak”, adierazi dute.
Akordioa beste “salmenta espekulatibo bat” dela salatu dute: “Armadek esklusibotasunez erabili zituzten Urgull mendia, Alderdi Eder, Ondarreta eta Goikoa jauregia bezalako espazioak, eta espazio horiek erabilera zibiletarako berreskuratzeko, hiriak udal kutxetatik ateratako kopuru handiak ordaindu behar izan zituen, eta Loiolako kasua zerrenda horretako beste bat da. Gainera, diru hori ez da estatuaren diru kutxara joango, baizik eta jada handia den eta hazten ari den gastu militarrari gehituko baitzaio”.
Horrekin batera, “kezkagarria” iruditzen zaie armadari lur horiek uzteko lau urteko epea, “Gipuzkoan beharrezkoa ez den kuartel berri bat eraikitzearen arriskua areagotzen baitu”. Bestalde, akordioak aipatzen ez dituen beste eremu batzuk Defentsa Ministerioaren eskuetan jarraitzen dutela nabarmendu dute. Hain zuzen, Lore Toki eta Hipika. “Donostiatik kanpo, Lezo udalerriko Jaizkibeleko tiro eremua militarren esku jarraitzen du, biztanleria zibilari galarazita”, gaineratu dute.
Egitasmoak bilera garrantzitsu bat egingo duela iragarri du, desmilitarizazio sozialaren aldeko lanarekin nola jarraitu erabakitzeko.