Esther Ferrer artistaren obra batek jantziko du Tabakalerako plaza berria
AHTaren geltoki berriaren gainean eraikiko den zabalgunearen gainean jarriko dute. Zeramikazko piezekin egingo dute, eta eraikinaren sarreran kokatuko dute.
Alfonbra handi bat izango balitz bezala, Esther Ferrer sortzailearen (Donostia, 1937) obra batek harrera egingo die Tabakalerako sarrera berritik sartzen diren herritarrei. ‘Zenbaki lehenen poema’ seriaren obra bat izango da. Zeramikazko piezekin egingo dute, eta zorua estaliko dute. Gutxi gora behera 12 metro izango ditu luzeran eta zabaleran. Donostiako Abiadura Handiko Trenaren geltokia eraikitzearen ondorioz sortuko den eremu horretan jarriko duten lehen obra izango da. Ferrerrek dohaintzan eman dio Donostiari. Donostian izango duen bere lehen obra iraunkorra izango da. Gasteizko Artium museoaren kanpoaldean ere badu beste obra iraunkor bat, baina artistak aitortu du nahiko egoera kaskarrean dagoela.
Tabakalerak argitu du arkitekto batekin elkarlanean ari direla obra jartzeko prozesua, eta piezei tratamendu berezi bat emango dietela azaldu dute, baldosak irristagarriak izan ez daitezen.
Esther Ferrerrek 2019an Tabakaleran egin zuen erakusketaren harira sortu zen plaza berrian obra iraunkor bat egiteko ideia. Artista donostiarrak askotan sortu ditu zenbaki lehenekin egindako instalazioak, baina obra iraunkorra izateko aukera interesgarria dela esan du: “Hor egongo da desagertu arte. Dinosauroekin gertatu zen bezala, egunen beatean desagertuko da, ez da ezer gertatzen; beste zerbaiti egingo dio utziko dio lekua”.
Kolore urdina eta berdea izango dira nagusi. Bere ustez, Donostia definitzen duten koloreak dira, eta obra hau propio Donostiarako egin duen pieza bat izan dela nabarmendu du. Ferrerrek esan du berak Pasealeku Berria ikusten duela obra honetan: “Itsaso zakarra, olatuak, lainoak, kaioak… Pasealeku Berrian askotan ibili naiz paseoan, eta hori da hemen ikusten dudana. Niretzat hori da Donostia”.
Sophie Germain matematikari frantsesaren (Paris, 1776-1831) omenez egin du obra hau, eta haren ibilbideaz hitz egin du instalazioaren aurkezpenean. Frantziako iraultzaren garaiko emakumea zen, autodidakta: “Garai hartan emakumeek ezin zuten ikasketarik egin, eta, Sophiek gizonezko ikasle baten bidez lortu zuen ikasketak egitea. Hain zuzen, ikasle hark egin ez zitzakeen ariketa horiek egiten zituen Sophiek”. Azkenean Frantziako Zientzien Akademiaren saria lortu zuen Sophiek, nahiz eta Ferrerrek ironiaz kontatu duenaren arabera, “ekitaldira gonbidatzea ahaztu zitzaien”. Bere izena daramaten zenbaki lehen batzuk daude. Horiek urre kolorez margotu ditu Ferrerrek instalazioan, eta beste zenbaki lehenak, arruntak, grisez. Obraren ondoan Germainen omenezko plaka bat jartzeko eskatu du. Germain minbiziak jota eta gazte hil zela esan du Ferrerrek.
Ferrer 70eko hamarkadan hasi zen zenbaki lehenen inguruko obrak egiten. “Zenbaki lehenekin egin nuen amets, horrela aurkitu nituen zenbaki lehenak”, adierazi du artistak, eta gaineratu du zenbaki lehenekin egiten den guztiak “erritmo zoragarria” duela. “Nik batxillergoan ikasi nuen matematika, eta ondoren, dibulgazioko aldizkarietan irakurri dut matematikaz dakidan guztia. Eta horrela iaksten dut. Niretzat artea ezagutzarako bide bat da. Nik ez dakit ia ezer egiten, eta ikasi egin behar dut”.
Plaza berria, 2024rako
Eraikitzen ari diren Atotxa-Tabakalerako tren geltoki berriak aldiriko eta abiadura handiko trenen terminala hartuko du. Eraikin berriari esker plaza bat sortuko da, trenbidearen gainean, eta zuzenean lotuko da Tabakalerako eraikinaren barrualdearekin. 2024rako amaituta egotea aurreikusi dute.