Iñaki Cid donostiarrak jaso du Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria
2022ko Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak banatu dituzte, eta Iñaki Cid Larrea donostiarrak antzerkiaren kategoriakoa jaso du, Behin batean Loiolan obrarengatik. Euskarazko lanen beste sari nagusia, ipuinen kategoriakoa, Karmele Mitxelena oiartzuarrak jaso du, Haragizko mamuak narrazio bildumarengatik. Biak izan dira astelehen goizean Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan, euren obrak aurkezten. Irabazle bakoitzak garaikurra eta 15.000 euro jaso ditu, eta saritutako obrak editatu eta argitaratu dizkiete.
Cid aktorea da, baina beste antzerki obra batzuk ere idatzi ditu. Behin batean Loiolan-i dagokionez, bere amak kontatutako istorio erreal bat du oinarri, nahiz eta gero berak “dramatizatu” egin duen: “Nahi dudana egin dut istorioarekin”, esan du, barrez. Azaldu duenez, “istorio erreala indartsua zen, baina ez zen nahikoa antzerki bat egiteko”. Horregatik, istorioa antzerki bihurtzeko prozesua “gogorra” izan dela esan du, batez ere, hasieran.
Ondoren, ordea, martxa hartzea lortu zuen, eta hiru istorio idatzi zituen. Lehenengoa, 1936an girotuta dago, eta amak kontatutako istorioa bera da, baina dramatizatuta eta anakronismoekin. Hortik abiatuta, beste biak idatzi zituen: bat 1966an girotuta dago eta bestea gaur egun. Gainera, azkena “meta antzerkia” da, Ciden hitzetan: “Momentu horretan gertatzen ari zitzaidana kontatu dut: beka bat eman didatela eta testu bat idatzi behar dudala, baina ez daukadala nahikoa material”. Horrela, idazlearen beraren pertsonaia ere ageri da obran, baina Cidek esan du obra oholtzara eramaten denean, beste aktore batek egingo balu bere papera. “Egia da, hala ere, agian aproposena ni izango nintzatekeela. Baina, kasu honetan, nahiagoko nuke beste aldean egon”, gehitu du.
Kontatu duenez, “sexu heziketa falta, feminismoa eta matxismoa” daude obrak jorratzen dituen gaien artean, eta, “denbora guztian”, laugarren horma hausten du: “Horrela idazten dut, eta asko gustatzen zait”. Gaineratu duenez, norbaitek obra oholtzara eramatea da buruan duen hurrengo proiektua.
‘Haragizko mamuak’
Mitxelenaren obrari dagokionez, hamar narrazioz osatutako liburua da, eta autoreak azaldu duenez, euren artean “oso desberdinak” dira, baina denetan agertzen dira “haragizko mamuak”: “Hezur-haragizkoak dira istorio hauetako pertsonaiak, ukigarriak haien arazoak, zinezkoak haien minak. Baina, aldi berean, badute mamuzko zerbait ere, alderdi ezkutu, lauso atzemanezin bat”. Mitxelenaren hitzetan “sentimenduek eta emozioek pisu handia dute obran”, eta irakurleak “giro horretara hurbiltzen” saiatu da.