Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak bi urte bete ditu
Parte Zaharreko Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak bi urte bete ditu, eta igandean agerraldia egin zuten boluntario taldeak Konstituzio plazan, euren lana ikusarazteko eta euren “aldarrikapenak erakundeei helarazteko”. Egitasmoa 2020ko azaroan jaio zen Parte Zaharrean, “kalean lo egiten duten pertsonen egoera latza ikusita, egunero afari bero bat eta goxotasuna eman ahal izateko antolatzea erabaki zuen boluntario talde txiki baten eskutik”. Ordutik, asko hazi da egitasmoa: “Taldea 100 boluntario inguru izateraino hazi da. Donostiako beste auzoetara ere hedatu da, Egiara lehenbizi eta Amara Berrira beranduago”.
“Bi urtean, 730 egunean, egunero-egunero, lanegun eta jai, negu eta uda, hotz eta bero, behar duenari afari goxo bat ematen jardun dugu”, gehitu dute. Era berean hainbat datu eman dituzte: “Gaur egun, gauero 150 afari ematen ditugu: Parte Zaharrean 50, Egian 70 eta Amara Berrin 30”. Horrela, nabarmendu dute ia 67.000 afari banatu dituztela dagoeneko, eta joera goranzkoa izan dela.
Horrek hainbat gastu sortzen dizkie boluntarioei (elikagaiak erostea, eta abar), eta laguntza publikorik ez dutela gogorarazi dute: “Gure kalkuluen arabera, 164.000 euro gastatu ditugu elikagaietan”. “Materialaren kostuen ideia bat egitearren, Parte Zaharrean soilik 500 euro gastatzen ditugu hilean”.
Boluntario lana egiten pasatu dituzte orduen datuak ere eman dituzte: “Egunean, ia sei sukaldari behar dira, gutxieneko hiru orduko afari prestaketa lanetan. Afariak zerbitzatzeko, berriz, zazpi laguntzaile behar ditugu, ordubeteko lanetan. Orotara, ia 14.000 lanordu egin ditugu guztion artean”. “Boluntariook sartutako ordu kopuruarekin, urtean lau pertsona kontratatu ahal izango lirateke lanaldi osoan. Imajinatu erakundeek jantoki sozial baten aldeko apustua egingo balute: kalean bizi diren pertsonei baldintza duinetan otorduak emateaz gain, lanpostu berriak sortuko lirateke”.
“Udalak ez ditu beharrak asetzen”
Udalak Otorduak programa dauka abian, baina Kaleko Afari Solidarioak taldearen ustez, ez da nahikoa: “Hiriko hainbat jatetxe eta jantokirekin duen hitzarmenaren bidez, 60 plaza ditu han bazkaltzeko eta afarirako ogitarteko edo tuper bat jasotzeko. Udalarekin izan ditugun bileretan, behin eta berriz adierazi dugu 60 plaza horiek ez direla nahikoa eskaera osoa asetzeko”.
Gaineratu dutenez, gainontzeko baliabideak ere “eskas” gelditzen direla, “bai udal aterpeen sareari dagozkionak, bai Caritas edo Gurutze Gorria gisakoei dagozkienak”.
Udalaren ikerketa
Boluntarioek gogoratu dute udalak pasa den neguan Kaleko Afari Solidarioak taldearen lanaren inguruko ikerketa bat eskatu ziola Lotura Giza Garapena enpresari: “Besteak beste, udalak gure datuekiko zuen mesfidantza uxatzeko balio izan zuen. Afarietara datozen pertsonen profila identifikatu zuen lanak: gehienak gizonezkoak dira, gazteak, magrebtarrak eta kalean lo egiten dute. Gehiengoak urtebete baino gutxiago darama Donostian, baina udaleko giza zerbitzuetan izena emana du, nahiz eta ezin hainbat laguntza eskuratu errotze eta gaitasun irizpideak betetzen ez dituztelako. Askok buruko osasun eta adikzio arazoak dituzte”.
Ordea, ikerketaren irakurketa desberdina egiten dute udalak eta boluntarioek: “Guk gaur egungo baliabideak gehitzea eskatzeaz gain, baliabide hauek gure afarietara datozen profileko pertsonei zabaltzea eskatzen dugu. Udalak orain arteko ildoan jarraitu nahi du”.
220 lagun kalean
Urriaren 28an hirian egindako zenbaketa ere gogorarazi dute boluntarioek: “220 pertsona zenbatu ziren Donostiako kaleetan lo egiten“. Negua heltzear denez, pertsona horien egoera are okerragoa izango da orain, eta, horregatik, honakoa aldarrikatu dute: “Lehenik, Ondarretako La Sirena aterpetxea gutxienez urteko hil hotzenetan gauero lo egiteko irekita egotea. Pasa den neguan hamar egunetan ireki zen soilik. Bigarrenik, kalean bizi den jendearentzat jantoki sozial baten beharra ikusten dugu”.
Horrez gain, gonbidapen bat egin diete herritarrei: “Jon Maiak abenduaren 28an Kursaalean emango duen kontzertura etortzeko deialdia zabaldu nahi dizuegu. Bertan, Irungo Harrera Sarearen eta Kaleko Afari Solidarioak taldearen moduko taldeen lana omendu nahi du. Egun horretan jasotzen den diruaren zati bat gure egitasmoa laguntzeko erabiliko da”.