Lapatzandegi baserriaren galera salatu du Ancorak
Ancora elkarteak jakinarazi duenez, larunbat goizaldean su hartu zuen Uliako Lapatzandegi baserriak. Eraikuntza tradizionala da, 1815ean Rocaverdeko markesarena bezala dokumentatua. Ulia mendiaren hegoaldeko hegalean dago, itsas mailatik 70 bat metrora, paisaia eta ingurumen interes handiko leku batean. Ancorak galera salatu du.
Baserria Ulia gainera doan errepidearen bihurgune batean dago. Eraikinaz gain, 50 metrora harrizko kutxa bat dago oraindik, hiriaren inizialak idatzita dituena. XIX. mendearen erdialdean proiektatutako hoditeriaren parte da. Hurbilean garbitoki bat ere badago, bertako biztanleek eta inguruko bizilagunek erabiltzen zutena.
Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) berrikuspenean, baserriak aintzat hartzea proposatu zuen Ancorak. “Donostiako eraikin zaharrenak eta 1813ko sute orokorretik bizirik atera ziren bakarrak dira, harresiz kanpo zeudelako. Udalak, ordea, baztertu egin zuen gure eskaera, eta 70 baserri katalogatzeari uko egin zion, tartean Lapatzandegi”, kritikatu dute.