Mikel Zabalzaren heriotzaren 37. urteurrena: 'Non dago Mikel?' filma eta omenaldia
Larunbatean, hilaren 26an, 37 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza (1952-1985) orbaizetarra eta Donostiako autobus gidaria Altzako bere etxean atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuenetik; handik hogei egunera, hilda agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan (Nafarroa). Guardia Zibilak egin zizkion torturengatik hil zen, eta Eusko Jaurlaritzak berriki aitortu du biktima gisa. Urteurrenaren bueltan, Mikel Zabalza Herri Ekimenak jarduerak antolatu ditu aste honetarako.
Lehenik eta behin, asteazkenean, hilaren 23an, Non dago Mikel? filma (Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas, 2020) proiektatuko dute Bidebietako Kontadores zentroan, 18:30ean. Bestalde, Zabalzaren omenezko ekitaldia egingo dute urteurrenaren egunean bertan, larunbatean, Altzako San Martzial plazako Mikelen Txokoan, 12:00etan. Mikelen Txokoa 2020an sortu zuten Mikel Zabalza Herri Ekimenaren eskutik, Zabalza hil zutenetik 35 urte bete zirenean. Bi horma irudi handik osatzen dute, Zabalzaren eta torturatu guztien omenezkoak.