25 urteko disko berria
Donostiako Orban Kultur Elkarteak Orbahn Diskak diskoetxea sortu du, eta lehenengo proiektua aurkeztu dute: Parafunk talde donostiarraren 'Epílogo' diskoaren berrargitalpena, binilo formatuan.
Javier Vicente Calderonek (Donostia, 1967), Javi P3z ezizenez ezagunagoa denak, 1990. urtearen inguruan sortu zuen Parafunk taldea; hip hop mugimenduaren eragin nabarmenarekin, rapa, funka eta jazza nahasten zituen taldeak, besteak beste. Hasiera batean, soilik bera zen taldea, gogoratu duenez: “Ni nintzen, nire gelan, pista askoko grabagailu batekin eta sampler batekin”. Gero, ordea, banda gisa funtzionatzen hasi zen, besteak beste, musikari hauekin: Mikel Azpiroz pianistarekin, Alberto Bosch baxu jotzailearekin eta Mikel Abrego bateria jotzailearekin. Hiru disko argitaratu zituzten: Parafünk (La Fabrica Magnetica, 1993), Prólogo (Novophonic, 1996) eta Epílogo (Novophonic/Esan Ozenki, 1997).
Taldea 1990eko hamarkadaren bukaeran desegin zen, baina azken diskoak 25 urte bete ditu aurten, eta bizitza berri bat eman diote Orbahn Diskak diskoetxe sortu berrikoek. Bitxikeria gisa, euskarazko orban hitzak eta alemanezko bahn hitzak (ildo, errepide) osatzen dute diskoetxearen izena: “Ukigarria, analogikoa eta kalitatezkoak diren esperientziez gozatzeko nahitik jaio da, entzulearengan gozamen edo poz arrastoa uzteko desioz”.
Orban Kultur Elkarte donostiarreko Fran Pastorrek eta Mikel Gaztañagak sortu dute diskoetxea, eta Epílogo-ren berrargitalpena da euren lehenengo proiektua: “Gure asmoa da biniloak kalitatezko formatuan ateratzea, prezio eskuragarri batean. Hemengo musikan jarri dugu fokua, baina bereziki hemen horren ezagunak ez diren musika estiloetan: elektronikoa, dantzatzekoa, acid jazza, hip hopa, soula, funka, eta abar”, azaldu du Gaztañagak. “Zero kilometroko filosofia dugu: hemen egin dugu lan, artista hemengoa da, ekoizpena ere hemen egin dugu. Hau da, hemendik egin dugu dena, baina oso produktu globala da. Gure asmoa ez da aberastea, baizik eta musika hau ezagutaraztea. Horregatik, oso prezio ajustatua jarri diogu diskoari. 29,99 euro”, gehitu du Pastorrek.
Diskoa bikoitza da, eta kalitate handikoa: 180 gramokoa, eta testu oso landuekin. 500 ale plazaratu dituzte, eta ostiralean, hilaren 25an, jarriko dituzte salgai, disko dendetan. Hain zuzen ere, Parte Zaharreko Beltza Records dendan egin dute aurkezpena, eta bertan eskuratu ahalko da, besteak beste. Bestalde, diskoetxearen webgunearen edo sare sozialen bidez ere eskatu daiteke dagoeneko. “Hemendik kanpo saltzeko asmoa ere badugu, eta dagoeneko badugu eskaeraren bat: New Yorketik, Berlinetik eta Japoniatik, hain zuzen”, gaineratu du Pastorrek. Bestalde, ostiralean bertan, aurkezpen festa egingo dute Egiako Le Bukowski tabernan, eta Javi P3zek berak jarriko du musika, biniloekin.
Disko gaztea
Diskoak 25 urte bete ditu, baina Gaztañagaren hitzetan, “ondo gaztetu da; entzuten duzu, eta oso garaikidea da. 1997an, segur aski, aurrerakoiegia izan zen”. “Atera zenean, diskoak eragin handia izan zuen guregan, hasieratik bukaerara oso ondo landuta baitago. Eta, Donostian ere bere eragina izan zuen; 33. Jazzaldian udal batzar aretoan eskaini zuten kontzertua da horren erakusgarri, aretoa goraino bete baitzen”, azaldu du Pastorrek.
Birmasterizazioa Kaki Arkarazok egin du Andoaingo Garate estudioetan, eta diskoetxekoek azaldu dutenez, “jatorrizko diskoaren xehetasunei distira eman die”. “Soinua ere hobetu da”, gehitu du Gaztañagak. Gainera, abesti argitaragabe bat sartu dute diskoan: Domingo kantaren bertsio abestua. Bere garaian, P3zek ez zuen diskoan sartu, baina orain berreskuratu egin dute. Diseinua Txarly Brown (Achilifunk) artistak egin du eta argazkiak Floro Azquetaren artxibotik berreskuratu dituzte, ondoren Egiako Photogunean Jose C. Urrutiak teknikariak tratatzeko. Diskoaren atzealdeko artikulua, bestalde, taldearen zale amorratu Ricardo Aldarondo kazetariak egin du. Era berean, diskoaren banatzailea ere donostiarra da. Jatorrizko diskoan parte hartu zuten artista guztien elkarlana izan dutela nabarmendu dute diskoetxekoek.
P3z bera ere oso pozik agertu da diskoa berrargitaratu izanarekin: “Luxu bat da. Aspalditik ezagutzen ditut Gaztañaga eta Fran, 2000. hamarkadaren hasieran Etxekaltera etorri ohi baitziren musika jartzera; Lasaña izeneko kolektiboa zuten. Oso jatorrak dira, eta, bat-batean, horrelako zerbaitekin azaltzen dira. Musika kultura handia dute, eta hori eskertzekoa da”. Berrargitalpenak diskoari bizitza berri bat eman diola gehitu du P3zek: “Binilo formatuan berrargitaratu den unetik, berritasunaren unea gainditu du, eta gauza ‘klasikoago’ batean bihurtu da, nolabait. Niretzat, ohore bat da, oso polita da. Etxekalten urte horiek guztiak pasatu ondoren, handik pasatu zen jendea musikarekin lotutako gauzak egiten ari dela ikustea pozgarria da. Harrobia egin genuen, eta hori ohorea da niretzat”.
Musika entzuteko ohiturak berreskuratzea helburu
Biniloa bera kalitate handikoa izateaz gain, kaxa bera ere oso landuta dago: taldearen historia eta musikari guztien biografiak euskaraz eta gaztelaniaz ditu, besteak beste, eta testuak P3zek berak errepasatu ditu. Izan ere, diskoetxeko kideek azaldu dutenez, musika biniloetan entzuten zeneko ohiturak berreskuratu nahi dituzte, Gaztañagak kontatu duenez: “Guk ere entzuten dugu musika formatu digitalean, baina uste dugu analogikoan ere badagoela plazer bat, eta hori berreskuratu nahi dugu: diskoa erostera joatea, etxean entzutea, diskoak dituen testuak irakurtzea, eta abar”.
“Hau da gure lehenengo proiektua, baina egongo dira gehiago. Beti joko horrekin: hemengo zerbait, baina gaurkotuta. Uste dugu jende gehienak ezagutzen ez dituen altxor dezente daudela, eta merezi duela ezagutaraztea”, gaineratu du idazkariak.