Astelehenean irekiko dute behin-behineko Atotxako geltokia
Astelehenean, hilaren 28an, jarriko dute funtzionamenduan behin-behineko Atotxako geltokia, eta Egiatik sartu beharko dira bidaiariak, Frantzia pasealekutik sartu beharrean. Zehazki, Tabakaleraren ondoko Nestor Basterretxea plazatik sartu beharko dira, Egiako tunelaren ahotik. Horrela, aurreikusten da geltokiko lanak hasi zituztenean jarri zuten pasabidearen erabilera handitzea, Erdialdetik geltokira doazen herritar guztiak handik pasatu beharko baitira, Nestor Basterretxea plazara iristeko. Hala azaldu zuten Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuorde Pedro Marcok, estatuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako idazkari Isabel Pardo de Verak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak astelehenean, geltokiko lanetan egindako bisitan.
Gogoratu behar da Atotxako geltokia Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Donostiako geltokia izango dela, eta, hain zuzen ere, horregatik egiten ari direla lanak. Horrela, behin betiko geltokia 2024an bukatzea aurreikusten dute, eta ordura arte egongo da funtzionamenduan behin-behineko geltokia. Geltokia Espainiako Gobernuaren mendeko Adif erakundearena izango da, baina Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundea ari da lanak egiten; 80 milioi euroan adjudikatu zituzten lanak, 2020an, eta orduan itxi zuten Egiako tunela.
Behin-behineko geltokia funtzionamenduan jartzen duten unetik aurrera, Norteko geltoki zaharra bertan behera utziko dute, eta AHT-arentzat eraberritzen hasiko dira: fatxada mantenduko dute, eta bi solairu gehituko dizkiote.
Behin-behineko geltokia
Astelehenean irekiko duten geltokiak bi nasa ditu bi trenbide orokorrekin, eta lurpeko atari bat, oinarrizko zerbitzuekin, txartelen aurrez aurreko eta makina bidezko salmenta, makina balioztatzaileak, merkataritza lokalak eta igogailuak, erabiltzaileak goiko nasetara heldu ahal izateko. Bestalde, 1.200 metro koadro inguruko azalera du, eta azalera hori lanen ondorengo faseetan berrerabiliko da geltoki berriaren behin betiko lurpeko atariaren parte gisa, 7.200 metro koadroko azalera osatu arte. Horrela, Egiako tunela zabalduko dute, izan ere, 12,5 metro izango ditu tarterik estuenean; lehen, 4,5 metroko zabalera zuen.
Arriolak azaldu duenez, “lanak amaitzen direnean, geltoki berri bat izateaz gain, Donostiak Egia inguruaren eta erdigunearen arteko lotura hobetuko du, tunel zabalagoarekin. Aldi berean, tunel hori trenen eta autobusen terminalerako sarbidea izango da, eta geltokiaren estalkiaren gainean espazio berri bat izango du, herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko plaza publikoa, Tabakalerako lehen solairuaren kotan, 5.723 metro koadroko naturaleko azalerarekin”.