Astiñeneko zubi berria ostegunean irekiko dute
Zama probak egin dituzte gaur goizean, hainbat kamioi zubiaren erdiko egituraren gainean jarrita.
Ostegunean, hilaren 24an, Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berria irekiko dute ibilgailuentzat, bizikletentzat eta oinezkoentzat. Udaleko iturrien arabera, 10:00ak inguruan izango da irekiera. Atzoko euriteek espaloietako hormigoiaren zati bat jartzea eragotzi zuten, eta, beraz, azken erremateak egiteko eta zubia segurtasunez irekitzeko, ostegun goizean irekitzea adostu dute. Era berean, zubi zaharra itxiko dute.
Goizean hainbat zama proba egin dituzte zubi berrian. Lehenik, hamabi kamioi jarri dituzte, ondoren bederatzi, sei eta hiru, hurrenez hurren. Zubiaren erresistentzia eta mugimendua egiaztatzeko egin dute zama proba, eta egokia izan da. “Hainbat neurketa egin dira, zubiaren gainean hainbat kamioi jarriz eta dagozkion neurketa topografikoak eginez. Neurketa horiek emaitza positiboa izan dute”, azaldu du Hiri Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak. Duela egun batzuk autobusekin egindako probek ere emaitza onak eman zituzten.
Gogoratu behar da Astiñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan. 2019an hasi ziren lanekin, eta ordutik atzerapen ugari izan dituzte, pandemia tarteko.