Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinei buruzko erakusketa ikusgai, Okendo kultur etxean
‘Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait’ liburu eta erakusketa homonimoak diskurtso nagusietan oihartzunik eta lekurik ez duten emakumeen testigantzak nahiz argazkiak biltzen ditu. Okendo kultur etxean dago ikusgai urtarrilaren 28ra arte.
2018 eta 2021 bitartean Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza historiek eta erretratuek osatzen dute liburua eta Farmazia Beltza argitaletxeak argitaratu du. Erakusketak izen bereko liburua du oinarri, eta testu zein irudi narrazioa uztartzen ditu.
Igone Mariezkurrena kazetariak eta Irantzu Pastor argazkilariak maiz erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxetan ipini dute arreta. Lanak biltzen dituen kontakizunen protagonistak egiturazko indarkeria-testuinguruetan bizi edo hazi izan dira, hala nola, okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio, arrazakeria edo asimilazio kulturaleko giroetan.
Estrukturalak diren bortizkeria horiek, baina, modu bereizian islatzen dira emakumeen identitateetan, gorputzetan, subjektibitateetan,esperientzietan eta gizarte-harremanetan. “Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria patriarkalak adierazpen-sorta zabala hartzen du; generoak, arrazak, etnizitateak, klaseak, sexualitateak eta abarrek zeharkatutako harreman sozial, ekonomiko eta politikoetan gauzatzen den etengabeko eta eskala anitzeko botere-ariketa baita”, nabarmendu dute.
Literaktum jaialdiaren baitan, Mariezkurrenak eta Pastorrek bihar, azaroak 23, jendaurrean azalduko dute proiektua. 19:00etan izango da, Okendo kultur etxean bertan.