Amarako anbulatorioan arratsaldeko zerbitzua berriz ezartzeko eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk biharko osoko bilkurara eramango du Amarako anbulatorioaren ordutegi murrizketaren afera. Osakidetzak urrian erabaki zuen anbulatorioa ixteko ordua 20:00etatik 17:00etara aurreratzea. Ordutik aurrerako pazienteak larrialdietara bideratuko dituzte.
Hori dela eta, udal gobernuari eskatuko diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin biltzeko: “Batetik, hiriko anbulatorioen murrizketen eta gabezien inguruan hitz egiteko, eta haietan kalitatezko osasun arreta bermatzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aztertzeko. Bestetik, ordutegi murrizketa jasan duten anbulatorioetan hartutako erabakia atzera botatzeko eta zerbitzua lehengoratzeko”.
Pandemia baino lehenagotik, EH Bildu hiriko osasun zerbitzu publikoak dituen “gabeziak” eta “murrizketak” salatzen ari da. Hainbat kasu zerrendatu dituzte: “Intxaurrondoko zentroan pediatra plaza bateko murrizketa eta hitzorduen atzerapena; osasun mentaleko zerbitzu publikoen saturazioa hirian, Gaztedi elkartearen salaketaren bidez; Amara Berri auzo elkarteko kideek salatutako auzoko anbulatorioan pediatra euskaldun baten falta; Ekialdean espezialitate eta larrialdi zerbitzu falta; Bidebietan mediku bat erretiratu da, ez da ordezkatu eta, horren ondorioz, arratsaldeko hitzorduen %50 bertan behera utzi dira; Altzan hiru mediku bajan daude eta ez dira ordezkatuak izan, eta abar”.
Anbulatorio berriei dagokienez, egungo udal gobernuak “bakarra” ireki duela nabarmendu dute: “Aietekoa baino ez dute egin. Parte Zaharreko anbulatorio berriak hainbat urteko atzerapena pilatu du, eta Txominek proiekturik gabe jarraitzen du, nahiz eta horretarako lursail bat hutsik dagoen”.
Murrizketen aurrean Eneko Goia alkateak eta EAJk izan duten jarrera kritikatu du EH Bilduk. “EAJk ukatu egiten du osasun zerbitzuan murrizketak egon direla eta kalitatea galtzen ari dela, nahiz eta lehen arreta gero eta kolapsatuagoa egon gure hirian. Alkateak Osasun Sailarekiko konfiantza izateko eskatu die donostiarrei, eta ez du neurririk hartu egoera zuzentzen saiatzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren aurrekontuaren pisua jaitsi du 2023ko aurrekontu proiektuan”.