"Azaroaren 25erako diseinatu dugun kanpaina borroka moduko bat da"
Usandizaga institutuko Aleksa Todorova (Bulgaria, 2002) eta Sandra Fernandez (Zumaia, 1996) Diseinu Grafikoko ikasleek diseinatu dute udalaren aurtengo Azaroaren 25eko kanpaina. Emakumeek pairatzen duten kontrol digitala salatu, eta hura ezabatzeko aldarrikapena egitea da kanpainaren helburua.
Nola hartu zenuten kanpaina diseinatzeko proposamena?
Aleksa Todorova (A.T.): Niretzat nahiko zaila izan zen, izan ere, emakumeen kontrako indarkeriaren gaia ez da egunero lantzen dudan zerbait. Sandrak, aldiz, sakonago kontrolatzen du gaia eta hobeto eraman dezakeela uste dut. Beraz, diseinatzerako orduan nahiko lotsatuta sentitzen nintzen, eta dezente kostatu zait. Baina, azkenean, atera zitzaidan zerbait.
Sandra Fernandez (S.F.): Niretzat ez dakit errazagoa izan den, baina gustura hartu dudan proiektu bat da. Jabetzen zara zuk diseinatutako kanpaina kalean ikusiko duzula, eta, gainera, zerbait aldarrikatzen ari zarela. Borroka moduko bat da azken finean, eta pozik nago.
Bion artean diseinatu duzue?
A.T.: Lehenengo, bakoitzak bere diseinu propioa egin zuen. Gero, Naiara Garateri, Berdintasun saileko teknikariari, erakutsi genizkion proposamenak, eta Sandraren kartelaren zati bat eta nirearen beste bat gustatu zitzaizkiola esan zigun. Beraz, bi kartelen arteko bateratze bat egin genuen. Egia esan, gure proposamenak elkarrekiko nahiko desberdinak ziren.
S.F.: Normalean, kartel bat aukeratzen dute, baina aurten Naiarak bi aukeratzea erabaki du. Azkenean, bi horien nahasketa bat egin behar izan dugu orain publikoki ikus daitekeen kartela osatzeko.
Zertan inspiratu zarete?
S.F.: Hasieratik esan ziguten gazteentzat egindako kanpaina bat izan behar zela. Beraz, hori kontuan hartuta, arlo teknologikoan sakondu nahi izan nuen. Teklen eta mugikorren ideiatik abiatuta egin nuen nire diseinua.
A.T.: Nik ikusten ez diren esaldiak hartu nituen oinarritzat: errealitatearen ezkutuko mezuak, alegia. Baimenik eman gabe esan eta egiten diren gauzak islatu nahi nituen.
Nola egin duzue kartela?
S.F.: Guk beti Illustrator programarekin egiten dugu lan. Normalean, hor egiten ditugu grafikoak, tipografia eta diseinu guztia. Azaroaren 25eko programa egiteko, aldiz, InDesign programa erabili dugu, maketatzeko balio duena.
Zein da kanpainarekin helarazi nahi duzuen mezua?
S.F.: Kontrolik gabeko gizarte bat nahi dugula. Aske izan nahi dugu, eta nahi duguna nahi dugun moduan egin ere bai, inoren kontrolik eduki gabe.
Nola erreakzionatu zenuten aukeratuak izan zinetela esan zizuetenean?
S.F.: Oso pozik sentitu nintzen. Ilusioa egiten dit, kanpaina kalean ikus daitekeelako. Gainera, udalak kanpaina hartuta, garrantzitsua sentitzen zara eta jabetzen zara egiten duzun lanak gutxieneko balio bat, behintzat, baduela.
A.T.: Hasieran kosta egin zitzaigun bi kartelen bateratzea egin behar genuelako, baina niri ere ilusioa egin zidan.
Ikasle gisa, nola bizi duzue Feminismoa?
S.F.: Nire bizitzan oso presente dago, eta horren alde borrokatzen dut. Feminismoaren alde denok borrokatu beharko genukeela uste dut.
A.T.: Nire bizitzan ez dago hain presente, izan ere, Bulgariakoa naiz jaiotzez, eta, han, kultura desberdina da. Horrek ez du esan nahi Feminismoaren aurka nagoenik, inola ere ez.
Etorkizunean, nolabait, proiektu honekin jarraitzeko asmorik ba al duzue?
S.F.: Agian, nire proiektu pertsonal gisa nire lan-sortan jarriko dut. Donostiako Udalak aurkeztu duenez, kanpaina entzutetsuagoa egiteko balio dezake horrek. Hala ere, egia esan, une honetako proiektu bat dela uste dut, eta hemen geldituko dela. Agian eboluzionatuko du, baina beste zerbaitetara bideratuta.