Errailaren egoera txarrak eta giza akats batek eragin zuen Errondoko tren istripua
Euskotrenek pasa den uztailaren 18an Errondo pasealekuan gertatutako tren istripuaren inguruko ikerketa egin du, eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du, EH Bilduk hala eskatuta. Istripua uztailaren 18ko 15:00ak aldera gertatu zen, Euskotren zerbitzuko tren bat errailetatik atera zenean, Errondo pasealekuan, Anoetako eta Easoko geltokien artean zirkulatzen ari zenean; ez zen zauritu larririk egon.
Ikerketak ondorioztatu du istripua bi arrazoirengatik gertatu zela: errailak ez zeudelako egoera onean eta giza akats batengatik. Egun horietan egiten zuen bero handiarengatik zegoen erraila egoera txarrean, beroarengatik errailaren zati bat dilatatu eta deformatu egin baitzen; trenen munduko jargoian, garrote izenarekin ezagutzen da fenomeno hori. Istripuaren unean, 33 gradukoa zen hiriko tenperatura, baina 35,7 graduetara heldu zen 13:00ak aldera.
Errailaren deformazioaren abisua pasatu zuen istripua gertatu baino ordubete lehenago puntu horretatik igaro zen beste tren gidari batek, eta aginte postukoek erabaki zuten gune horretako abiadura maximoa 80 kilometro ordutik 20 kilometro ordura jaistea. Abisuak zerbitzua ematen ari ziren tren guztietara pasatu zituzten, baina tartekatu egin zen beste abisu baten ondorioz, errailetatik atera zen treneko gidariak ez zuen abiadura mugaren abisua behar bezala jaso.
Ikerketa egiteko, gidaria, aginte postuko langilea eta bere nagusia elkarrizketatu dituzte, eta gidariak adierazi zuen hamabi egun zeramatzala tarte horretatik zirkulatu gabe, eta une horretan ari zela puntu horretatik pasatzen egun hartako lan txandan lehenengo aldiz. Era berean, esan zuen ez zuela garrote-aren abisua jaso, eta, ikusi zuenean, ez zuela erreakzionatzeko aukerarik izan, “dena oso azkar gertatu zelako”.
Bestalde, aginte postuko langileak esan zuen tren guztiei pasatu ziela abisua, baina justu istripua gertatu zenean, beste tren baten gurutzaketa egiaztatzen ari zen, eta, beraz, ezin izan zion abisua pasatu istripua izan zuen trenari. Beraz, beroak eragindako errailaren egoera txarrak eta aginte postuko giza akatsa izan ziren istripua eragin zutenak.
Hemezortzi arrisku puntu
Ikerketaren harira, Euskotrenek hemezortzi arrisku puntu identifikatu ditu bere trenbide sare osoan, eta ekainetik irailera, bero gehien egiten duen hilabeteetan alegia, abiadura 40 kilometro ordura mugatu dute puntu horietan. Gainera, bero handia egingo balu, are gehiago murriztuko lukete abiadura.
Hemezortzi puntu horietako zazpi Gipuzkoan daude, eta horietako hiru Donostian: bi ia jarraian, Anoetako geltokitik gertu, eta beste bat Lugaritzeko eta Añorgako geltokien artean.