Esparru digitaleko kontrola salatzea du helburu udalak Azaroaren 25erako prestatu duen kanpainak
Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako udalak, Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko ikasleen laguntzaz, kanpaina bat diseinatu du, “gizarte honetako gaitz horri aurre egiteko”.
Udaletxean egin duten prentsaurrekoan Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, Donostiak, Gipuzkoak eta EAEk bezala, oraindik ere pairatzen du “gizarte gisa lotsatzen gaituen gaitz hori”. Zinegotziaren arabera, azken urteotan, nabarmen handitu da Donostian indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei ematen zaien arreta: “2019an, 362 emakume artatu ziren, hamar harrera etxebizitzatan; 2020an, 443 emakume, sei etxebizitzatan; eta, iaz, 486 emakume artatu zituzten bost etxebizitzatan. Hazkunde hori jasanezina da gizarte aurrerakoi eta berdinzale batentzat”.
Aurten ere, Azaroaren 25eko kanpaina prestatzeko, Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko goi-mailako ikasleei eskatu die laguntza udalak. Esparru digitaleko kontrola du oinarrian kanpainak, eta Sandra Fernandez eta Aleksa Todorova ikasleek diseinatu dute. “Inork kontrolatu gabe bizi ahal izateko, gizarte aske eta irekia aldarrikatu nahi dugun gazteak gara. Guk, Diseinu Grafikoko ikasleok, egunero jasaten dugun kontrola salatu nahi dugu, oinarrian izaera sexista eta matxista duen gizarte baten aldetik datorren kontrola”, azaldu dute.
Emakumeek beraien bizitzaren kontrola berreskuratzea du helburu kanpainak, “gizartearen kontrol estrukturala” albo batera utziz: iritziaren kontrola, ordutegien kontrola, lagunen kontrola, janzkeraren kontrola, sare sozialen kontrola eta mugikorraren kontrola dira, besteak beste, kanpainaren bidez salatu dituztenak.
Ordenagailuko Ctrl+Supr teklak (zerbait borratzeko erabiltzen direnak) ikus daitezke kartelean, eta aipaturiko kontrolen zerrenda ageri da jarraian, horiek ezabatu behar direla iradokiz. Oiarbidek jakinarazi duenez, kanpaina hau sare sozialetan, Dbuseko autobusetan eta markesinetan egongo da ikusgai igandera bitarte.
Azaroaren 25eko egitaraua
Udalak azaroaren 25eko adierazpen bateratua irakurriko du ostiralean, eta hiriko haurtxoko eta gaztelekuen sarean gai hori lantzeko hainbat jarduera egingo dira. Beldur Barik lehiaketako sariak ere ostiralean banatuko dituzte, eta ikuskizun eta hitzaldiak ere egingo dira.