Lepahoriaren presentzia erregistratu dute Donostian, estreinakoz
Itsas Enara Ornitologia Elkartea UgaSS proiektua garatzen ari da Donostian, hiriko gerriko berdean dabiltzan ugaztunak identifikatzeko eta erregistratzeko helburuarekin; besteak beste, Auditz Akular, Antondegi eta Belartza eremuek osatzen dute gerriko berdea. Zehazki, ugaztun handiak eta ertainak erregistratzen ari dira, eta mugimenduarekin aktibatzen diren kamerak jarri dituzte “hainbat puntu estrategikotan”.
Kamera horietako batekin, hain zuzen ere, lepahori bat (Martes martes) erregistratu ahal izan zuten hilaren 7ko arratsaldean, “oso kalitate onean”, elkartekoek nabarmendu dutenez. Garrantzitsua da lepahoria erregistratu izana, kontatu dutenez: “Esan beharra dago lepahoria espezie urria dela Euskal Herrian, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan dagoela, eta Donostian espezie horren presentziarik ez zegoela erregistratuta, behintzat azken hamarkadotan”.
UgaSS proiektua garatzen ari direnetik, hamasei ugaztun espezie erregistratu dituzte Donostiako gerriko berdean, eta horietako lau Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan daude. Lepahoriaz gain, beste ezusteko batzuk ere aurkitu dituzte, baina, azaldu dutenez, aurrerago emango dute horien berri. Bestalde, proiektuaren datu guztiak, datuen azterketa eta ikus-entzunezko materiala proiektua bukatzean zabalduko dute; martxoan, gutxi gorabehera.
Jarraian, lepahoriaren bideoa ikus dezakezue: