Loiolako kuartelei buruzko topaketa bat egingo dute Arkitektoen elkargoaren egoitzan
Ekain Jimenez, Fernando Bajo eta Mario Dominguez arkitektoek parte hartuko dute. Gipuzkoako lurralde eta hiri ereduaren etorkizunaren inguruko hausnarketarako ziklo baten lehen jardunaldia izango da.
Ostegunean, hilaren 24an, eztabaida ziklo bat hasiko du Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak. Donostiako gune estrategiko bat aukeratu dute lurralde eta hiri ereduaren etorkizunaren inguruko eztabaidari heltzeko: Loiolako kuartelak. “Gai polemiko eta gaurkotasun osoko honetatik abiatuta,beste eremu batzuetara estrapola daitezkeen eta hausnarketa sakona merezi duten beste gai interesgarri ugari mahai gainean jarriko dira”.
Ekain Jimenez, Fernando Bajo eta Mario Dominguez arkitektoek ikuspegi tekniko batetik landuko dute gaia: lurzoruaren kudeaketaz, eraikinak katalogatzeko eskumenez, eraikinak bihurtzeko aukerez, Urumea ibarreko uholde arriskuaz eta eraikuntzen erabileraren aldaketez ariko dira, besteak beste. Aurkezpenaren ondoren, Oihana Santolaria arkitektoak moderatuta, hizlarien eta publikoaren arteko solasaldia hasiko da.
Topaketa 18:30ean hasiko da, elkargoak Frantziako pasealekuan duen egoitzan, eta sarrera doakoa den arren, aurretik izena eman behar da Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren webgunean. Jardunaldi honekin hasiko dute eztabaida zikloa, eta 2023an zehar jarraituko dute beste hainbat solasaldirekin.