Zurriola Ikastolaren eraikin berria inauguratu dute
Gaur inauguratu du Zurriola ikastolak Ategorrietako eraikina, “Lehen Hezkuntzako ikasleen behar pedagogikoetara diseinatutako espazio zabala”. Azaldu dutenez, sistema pedagogikoarekin batera haren zerbitzura garatu den proiektu integral baten emaitza da eraikina, eta irakasleak, gurasoak, ikasleak, bestelako langileak eta arkitektoak aritu dira proiektua osatzen.
Ikastolen Elkarteko eta hainbat ikastolatako ordezkariekin batera, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Donostiako alkate Eneko Goia eta beste hainbat ordezkari eta gonbidatu izan dira Ategorrieta eraikinaren inaugurazio ekitaldian.
Ategorrietako eraikina inauguratu dugu gaur: pedagogiaren zerbitzura egokitutako eraikina, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Baditugu mila motibo kantatzeko alai!! #ZurriolaIkastola #IkastolenElkartea #EHI #Ikastolak pic.twitter.com/G4ebXv4ZiF
— Zurriola Ikastola (@ZurriolaIkastol) November 23, 2022
Aurtengo ikasturtearekin batera hasi dira erabiltzen Ategorrieta eraikina. Pedagogia eredu berritzaile batekin lotuta, malgutasuna ardatz duen eraikina da Ategorrieta.
Atariaren diseinu berriarekin, esaterako, urte luzez eskoletan egon den atari eredua hautsi nahi izan dute. Hezkidetzaren eta aniztasunaren ikuspuntutik, ikasle guztiek jolaserako eremu bat aurkitu dezaten egin dute lan. Mugimenduak eta kirolak bere espazioa izango dute, baina ez protagonismo osoa. Margoketarako, mahai jolasetarako, jolas librerako edo, besterik gabe, lasai egoteko eremuak eskaintzen dituzte.
Elkarlanaren fruitu
Ategorrieta eraikina diseinatzeko prozesuak adar asko izan ditu. Irakasle taldeak hezkuntza arlo guztiak aztertzen eta marko pedagogiko berrian horietako bakoitzak izango duen garapena diseinatzen lan egin du. Ikasleak ere inplikatu dituzte, nolako ikastola nahi duten irudikatu dezaten eskatuz.
Azaldu dutenez, gurasoen parte-hartzea ere bultzatu da, aldaketa pedagogiko zein metodologikoetan edo jangela eredu berria diseinatzerakoan, adibidez. Eraikinaren arkitektoak ere ikastolako gurasoak dira, eta nabarmendu dutenez beraiekin batera egindako lanean azaldutako inplikazioa. Azken batean, Lehen Hezkuntzako ikasleen ezaugarriei eta beharrei erantzuteko egin dute guztiek elkarrekin lan.
Ikastolako familiek apustu handia egin dute proiektu hau aurrera ateratzeko eta Zurriola Ikastolarentzat mugarri garrantzitsua da, irailetik aurrera etapa bakoitzak bere egoitza duelako: Haur Hezkuntza Villa Soroan, Lehen Hezkuntza Ategorrietan eta Bigarren Hezkuntzatik aurrera, Hurran. Datorren larunbatean HHko Ate Irekietara gerturatzen diren familiek LHko eraikin berria ikusteko aukera izango dute ere, eta BHko proiektua urtarrilean ikusgai izango da.