Egiako Euskal Pilota Elkartea sortu nahi dute
Egiako hainbat bizilagun auzoan pilotaren inguruko proiektu bat abiatu nahian dabiltza: Egiako Euskal Pilota Elkartea sortu nahi dute. “Egian badugu frontoi bat eta bertan kirola egitea izango litzateke gure helburua, instalazio publikoak doan erabili ahal izatea eta parekidetasuna eta euskara zein euskal kultura ardatz izatea, elkarrekin era inklusiboan aritzeko. Horrela, auzotarron arteko harremanak sendotu, komunitatea egin eta auzoan aktiboki parte hartuz, Egiari bizitza handiagoa ematea litzateke gure asmoa”, azaldu dute.
Elkarteak landuko lituzkeen arloei dagokienez, hainbat ideia dituzte dagoeneko: emakumeen pala, haurrentzako zesta-punta ikastaroak, hasiberrientzat entrenamenduak, esku pilota, eta abar. Ideia horiek guztiak fintzeko zein ideia berriak mahai gainean jartzeko, bilera bat antolatu dute astearterako, hilaren 29rako, Egiako Arrano elkartean, 18:30ean. Bilera irekia da, eta interesa duen edonor joan daiteke.