Hainbat aldaketa egingo dituzte zirkulazioan igandean, lasterketak direla eta
Igandean, hilaren 27an, Donostiako Maratoia, Maratoi Erdia eta 10 kilometroko lasterketa egingo dituzte hirian, eta, hori dela eta, hainbat aldaketa izango dira zirkulazioan, 08:00etatik 14:00etara.
Hernani kaletik abiatuko dira probak, eta Bulebarrean bukatuko dira. Zehazki, 08:20ean abiatuko da 10 kilometroko proba, eta 09:00etan maratoia eta maratoi erdia. Horrela, aurreikusten da azken korrikalaria 14:00ak aldera iristea Bulebarrera. Amara, Loiola, Erdialdea, Gros eta Antigua auzoei eragingo diete lasterketek.
Bulebarra 00:00etatik aurrera itxita egongo da, eta Hernani kalea 06:30etik, Peñaflorida kaletik aurrera. Bulebarra 17:00ak aldera arte itxita egongo da, desmuntatze lanak egin ahal izateko. Bestalde, Amara, Loiola, Erdialdea, Gros eta Antiguako bizilagunek ibilgailua erabili behar izanez gero, mugikortasun agenteen, udaltzainen eta lasterketaren antolatzaileen aginduak jarraitu beharko dituzte. Era berean, 08:00etatik aurrera hiria ekialdetik mendebalderaino zeharkatzeko, GI-20a erabili beharko da. Hirira sartzeko nahiz irteteko Urumeako autobia une oro irekita egongo da eta trafikoan aldaketak egingo dituzte zenbait auzotako sarreretan eta irteeretan. Auzo guztietako aldaketak zehatz-mehatz hemen kontsultatu daitezke.
TAO zerbitzuari dagokionez, egoiliarrentzako TAO txartela duten herritar guztiek baimena izango dute beraien ibilgailuak Aparkaleku Mugatuko Guneetako edozein sektoreetan aparkatzeko, hilaren 25etik 28ra, biak barne. Ordea, egoiliar horiek ezin izango dute beren ibilgailua doan aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (15 eremuko guneetan) araututako ordutegiaren barnean. Hala ere, gogoratu behar da TAO zerbitzuko langileak greban egongo direla gutxienez hilaren 27ra arte.
Garraio publikoa
Igandeko 08:00etatik 14:00aetara gutxi gorabehera, aldatu egingo dituzte hainbat autobus geltoki, eta eragina izango du horrek Dbusen, Ekialdebusen eta Lurraldebusen lineetan. Taxiei dagokienez, kale hauetako geralekuak kenduko dituzte: Bulebarra, Idiakez, Askatasunaren hiribidea, Manterola, Nafarroa hiribidea, Satrustegi, Juan Olasagasti, Errondo Euskotren eta Zuaznabar (9:30ak arte). Lurpeko aparkalekuetan ere aldaketak egingo dituzte, eta hemen kontsultatu daitezke.