Mariano Ferrer kazetariaren dokumentu ondarea Lazkaoko beneditarren artxiboan gorde dute
Mariano Ferrer (Donostia, 1939-2019) kazetariak etxean zuen lanerako eta ikerketarako materiala jaso dute gaur goizean Lazkaon, beneditarren fondoan. Kazetariak bere bizitza profesional osoan aktiboki eta modu iraunkorrean lan egin zuen hainbat komunikazio arlotan (artikulu egilea egunkarietan, irratiko eta telebistako esatari, Deustuko Unibertsitateko irakaslea Donostian, eta abar). Artxiboak bizitza profesional luzean landutako hainbat dokumentu biltzen ditu: informazioa, analisia eta teorizazioa.
Haren familiak erabaki du beneditarren fundazioaren esku uztea, “proposamena jarrera onarekin hartu dutelako, eta konfiantza profesionala eta espektatibarik onenak eskaini dituelako dokumentazioa katalogatzeko eta digitalizatzeko”. Lazkaon gordetzeko erabakian ere bi arrazoik eragina izan dutela adierazi du familiak: “Mariano donostiarra zen, eta bere lan gehiena Gipuzkoan eta gipuzkoarrentzat egin zuen –adibidez, egunero irratian–, eta, bestea, Lazkaora erraz hel daitekeela Euskadiko edozein txokotatik eta kontsultak egin nahi dituztenen joan-etorriak erraztuko ditu”.
Herritarrek material hori ikertzeko aukera izatea nahi du familiak. Carmen Rizo Ferrerren alargunak EHUren udako ikastaroetan Mariano Ferrerren inguruan egindako jardunaldietan iragarri zuen kazetariaren dokumentazio guztia digitalizatu egingo zutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Eta gaur baieztatu dute egitasmoa martxan dagoela, eta gaur goizean Lazkaoko beneditarren fundaziora eraman dutela.
Jardunaldi haietan Esther Ferrer alabak azaldu zuen nola lantzen zuen bere testuetarako dokumentazioa: “Aitak egunkari eta aldizkarien artikulu kutunenak fotokopiatu egiten zituen, etxean dauzkagu milaka, eta haietan esaldiak eta hitz solteak daude azpimarratuta. Hitz solte batzuk hartuta, kapaz zen analisia egiteko, baina ondo landua zegoen hura guztia. Azpimarraketa minimalista batekin gai zen diskurtso oso bat artikulatzeko”.
Lazkaoko beneditarren artxiboa erreferente garrantzitsuenetakoa da Euskal Herriko politika, gizarte eta kultur mugimenduen garapena ulertzeko orduan. Duela hiru urte zabaldu zuten eraikin berria, eta etenik gabe jarraitzen dute funts berriak jasotzen eta lehendik dituztenak ikertzaileen eskura jartzen. Mariano Ferrer berak Lazkaora eraman zuen Kaiera egitasmoaren dokumentua.